Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurretik Lisboatik Atlantiko ozeanoa ikusia bazuen ere, asteburuan maskaritak eta Altsasuko ihoteetako segizioko pertsonaia guztiak Kantauri itsasoa ikusteko aukera izan dute. Izan ere, 30 altsasuarrek ihoteetako antzezpena Gijonera eraman dute. Ostiralean abiatu ziren eta atzo bueltatu. Altsasuarrak Asturias, Galizia eta Leoneko beste lau inauteri segiziorekin batera, Mascara Ibérica desfilean parte hartu zuen. Larunbatean Gijongo Begoña pasealekuan antzezpena egin zuten eta, domekan, aipatutako pasealekutik Santa Katalina kaxkora igo ziren, itsaso parera. Altsasuarrak bero handia pasa bazuten ere "pozik" bueltatu dira, "dena ongi atera delako". Ikusleak "liluratuta" gelditu zirela esan digute ihote segizioko kideak, "batez ere momotxorroekin". GehiagoGijonera, eta aurretik Lisboara joateko, ihote segizioko kideak kamixetak, zapiak eta beste saldu behar izan dute. "Eta iristen ez denez, gure poltsikotik jartzen dugu". Irteera gehiago aurreikusiak dituzte, ziurrenik heldu den urterako. Beste ihote segizioak ekartzea ere ez dute baztertzen. Bitartean, Altsasuko ihotearen berri ematen duen web orriari azken ukituak ematen ari dira.