Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko astean izandako udal bilkuran Altsasuko Udalak behin betiko onartu zituen 2011ko kontuak. NaBaik aldeko boza eman zuen. Unai Hualde zinegotziak eta alkate ohiak esan zuenez, "udalak pasa den urtean superabitarekin itxi zuen urtea, finantza arloan zergarik gabe. Egoerak ez zuen erraztu, baina behar bezalako kudeaketa eginez helburua lortu da". Hualdek nabarmendu zuen udalak zorpetzeko margena duela gaur egun, "beste udal batzuk ez bezala". Aurreko alkateak udalaren egoera onaren adierazle gisa gastu orokorretarako diruzaintzan dauden 200.000 euroak jarri ditu. "Dauden epaiketengatik 108.000 euro leudeke erabilgarri, horrek udalari 2012ko aurrekontuan jasoak ez dauden gastuak ordaintzeko modua eman dio". Horien artean aipatu ditu kirol erakundeei emandako diru-laguntzak edota langileei ordaindu beharreko atzerapenak. Hualdek ere gogoan izan zituen aurreko legegintzaldi akaberan zenbait taldek eta zinegotzik "ozen egin zituzten salaketa larriak: NaBaik udaleko dirua alferrik gastatu zuela edo laukorik gabe utziko zuela udala. Errealitatea bestelakoa da".