Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiral goizean Sunsundeguiko langileek babestu egin zuten zuzendaritzak eta UGTk lortutako akordioa. Azken horrek deitutako batzar batean egin zen bozketa. 217 langileetatik 181ek parte hartu zuten bozketan. 135 akordioaren aldeko botoa eman zuten, 20 kontra, 18 baliogabe eta 8 boto txuri izan ziren. Baina akordioa indarrean sartzeko enpresa batzordeko gehiengoaren babesa behar zuen. Arratsaldez UGT (5 delegatu) eta LAB bildu ziren adostasunera iritsi ziren. UGT-tik esan digutenez, "erredakzioan aldaketa batzuk egin ziren. Ez dago aldaketa nabarmenik". Akordioaren zenbait puntu urte batean ezin direla ukitu esan digute UGTko kideek. LABek (3 delegatu) ostiralean 17:00etan sinatu zuen akordioa, "goizean UGTko eta enpresako sektore erradikalen presioari aurre egin ondoren, inposizioan eta xantaian oinarritutako lan harreman eredua aldatzeko hobekuntzak lortu ditugu". LABetik azaldu dutenez, sinatutako aurre-akordioan ez dela kaleratzerik jaso. Gainera, kontratazio irizpide objektiboak jarri dira, "ez da UGTren karneta beharko Sunsundeguin lan egiteko", adostutako soldata ezin da aurten aldatu, aldeen arteko akordiorik ez badago. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuak enpresa batzorde guztiari Sunsundeguiren bideragarritasunaren berri emanen diola hitzartu da. Trukean sindikatu abertzaleak jasotako informazioa erabateko diskrezioz erabiliko duela hitz eman du. "Adostutakoa betetzen ez bada orain arte izandako lan baldintzetara bueltatzeko tresnak ere onartu dira", gaineratu dute LAB-etik. ELAko kideak (4 delegatu) UGTk eta zuzendaritzak adostutako akordioaren kontra azaldu zen, "inolako bermerik jasotzen ez zuelako". ELAko kideek esan digutenez, "ez dakigu zer adostu duten UGTk eta LABek, ez dugu testurik". Horregatik, baloraziorik ez dute egin. AkordioaBesteak beste, %10eko bataz besteko soldata murrizketak eta kaleratzeak beharrean aurre-jubilazioak eta sustatutako bajak izanen dira.