Udalak "polizia jazarpena" eta "okupazio polizial latza" salatu ditu

Guaixe 2012ko irailaren 3a

Hala egin zuten larunbatean Altsasuko Udalaren izenean Juan Carlos Orellanak (Bildu), Asun Fernandez de Garaialde Lazkanok (NaBai) eta Javier Donlok (PSN). Haiekin batera 30 bat herritar izan ziren. Garilaren 26an egindako bilkuran onartutako mozioaren berri eman zuten. Udalak salatu ditu polizia "jazarpena, politika egiteagatik pertsona batuk mehatxatzea, kontrolak eta agenteen harropuzkeria". Bilkura berean errepresioaren kontrako batzordea berriro martxan jartzea onartu zuen Altsasuko Udalak. Aurreko legegintzaldia ere martxan izan zen eta han altsasuarrek euren testigantzak eman zituzten. Baina, horrekin batera, batzordeak "egoera horri buelta emateko herritarren adierazpen askatasun, manifestazio edo politika egiteko eskubideak errespeta daitezen" lan eginen du. Mozioaren alde Bilduk eta NaBaik bozkatu zuten, PSNk eta IU-EB abstenitu egin zen eta UPNk kontra bozkatu zuen. PP ez zen izan.ManipulazioaHalaxe definitu zuten udal ordezkariek duela urte bat "Altsasuk pairatu zuen eraso politiko-mediatikoa". Herriaren izen ona "gezurrez eta irainez" zikindu zutela eta alkateari eta 3 altsasuarrei auzi-bidea zabaldu zietela salatu zuten. Udal ordezkariek kanpaina hura egin zuten hedabideei "Altsasuko herria bakean uzteko eta errealitatea gaiztotzen ez jarraitzeko" eskatu zieten. BabesaEspainiako Gobernuko ordezkaria Nafarroan, Carmen Albak "erabateko babesa eta laguntza" azaldu die Altsasun eta Nafarroan ari diren polizia indar guztiei. Albaren iritziz Guardia Civilareen eta gainontzeko polizia indarren lana Nafarroan "eredugarria" da. Gobernu ordezkaria, bestalde, udalaren agerraldian PSNko zinegotzi bat egoteagatik "harrituta" azaldu zen: "sozialista nafarrek lehen eskutik dakite abertzalea ez den ideologia bat izateagatik zein zailtasun dituzten zenbait pertsonak eta alderdik bere jarduna aurrera eramateko". 9,2 Altsasun 1.000 biztanleko 9,2 polizia daude; Nafarroaren halako 3 eta estatuaren halako 6. Kontrolak Garagarrilean 43 kontrol jarri zituzten Guardia Civilak (34) eta Foruzaingoak (9), eguneko 1,43. Maiatzean 35 jarri zituzten, Guardia Civilak (27) eta Foruzaingoak (8).