Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ospa eguna horixe eskatu zien Guardia Civil eta Foruzainei. Eta halaxe irudikatu zen, iluntzean, manifestazio baten ondoren trentxo batek herritik eraman zituenean militarrez eta poliziez mozorrotutako pertsonak. Aurretik Baratzako bide plazan zegoen kuartela hartu zuten. Horrela, eta kontzertuekin despeditu zen larunbatean Ospa eragileak antolatutako eguna. Pasa den urteko Erregaren diskurtsoa egunean bezala, aurten ere "gure herriak jasaten duen errepresioa" salatu nahi izan dute. 2011n berri ematerakoan herriaren izen ona zikindu zutela eta alkatea eta 3 herritar auzi-bidean jarri zituztela salatu zuten. Ospa eragileko bozeramaile batek larunbatean galdetu zuen herriari eta bizilagunei egindako kaltea zeinek ordainduko dituen orain. Urte batean egoera ez dela aldatu salatu dute Ospa eragileko kideek. "Jai giroan aldarrikapena egin nahi izan dugu. Espero dugu laister izatea, egunen batean herrian nahi ez ditugun polizia-indar hauen guztien irteera benetakoa izanen da. Horretarako, lanean gaude". Lan horrekin bat egiteko gonbitea luzatu zieten altsasuarrei. Jende ugari bildu zen Altsasun Ospa egunaren kontura, baita Gipuzkoatik etorritakoak ere. Egunean zehar, bestalde, kalez jantzitako poliziaren presentzia ere nabarmena izan zen.