Premia zuten 806 herritarren artean 59.406 kilo jaki banatu ziren iaz

Guaixe 2012ko irailaren 4a

Jakien Bankua Fundazioak Altsasuko Udalari emandako datuak dira. Bi erakundeek hitzarmena dute eta haren bidez premia egoeran dauden pertsonen elikadura beharrak ase nahi dituzte. Aurreko urtean bezala, aurten ere Altsasuko Udalak 800 euroko diru-laguntza eman dio Fundazioari. Udala, gainera, jaki batzuk Altsasura ekartzeaz arduratzen da. Altsasuko Udalak jasotako 59.406 jaki kiloetatik 965,85 etxegabeen aterpearen bidez zabaldu ziren. Gainontzeko jakiak Fundazioarekin elkarlanean aritzen diren bi erakunde altsasuarren bidez banatu ziren. Alde batetik, parrokiak 555 pertsonen artean 35.252 kilo jaki banatu zituen. Ekuadortarren elkarteak, berriz, 226 pertsonen artean 23.188 kilo jaki banatu zituen. Aurrera begiraOsasun, ongizate eta elkartasun batzordeko buru Unai Hualdek azaldu duenez, batzordeak ezinbesteko jo du egiteko horrekin segitzea. "Kontuan izanik herriko egungo testu-inguru ekonomikoan pertsonen eta familien estutasun baldintzak handitu egin direla". Hualdek jakinarazi duenez, Fundazioarekin harremanetan jarri da Altsasuko Udala. Helburua jakiak benetan premia duten pertsonek jaso dezatela, "ahal den neurrian bikoizketak edo bestelako iruzurrezko jokabideak saihesteko". Beste herri batzuetan jaki banaketa Gizarte Zerbitzuen profesionalen laguntzarekin hobetu egin da eta bide horretan sakondu nahi du Hualdek. Bestalde, Jakien Bankuarekin lan egiten duten ongintzako erakundeek laguntza jasotzen dutenen benetako beharra kalifikatzeko konpromisoa hartu dute. Europako planaBehar gehien duten pertsonendako elikagai laguntza emateko Europako plana dago aurten martxan. Nafarroako Gobernuak Jakien Bankua Fundazioari eman dio plan horren bidez jasotako jakien banaketaren ardura. Europako plan horren barruan Altsasuko parrokia banatzaile izendapena jaso du.