Finalerako azken txartelak jokoan

Guaixe 2012ko irailaren 7a

Altsasuko txapelketa entzutetsuko finaleko koadroa biharko 3 partidekin geldituko da zehaztuta, Burunda pilotalekuak txapelketako 2. final erdiak hartzen baititu. Ohi bezala, kadete mailako batek emanen dio hasiera jaialdiari. 4 eta 1/2an neurtuko dira Errandonea eta Espinal. Irabazleak finalean Larunbe izanen du zain. Azken horrek aurreko larunbatean akabera berdinduko partidan gutxieneko aldeagatik irabazi zion Bakaikoari. Biharko jaialdiko bigarren partida gazte mailan, Mujikak eta Ansak 4 eta 1/2 barruan jokatuko duten partida izanen da. Neurketako irabazleak Altsasuko festetan jokatuko den finalean Olanorekin neurtu beharko du, aurrekoan Ibarrondo 9an utzi eta gero finalerako txartela lortu baitzuen. Burundako jaialdia nagusien mailako eskuz binakako partidak itxiko du. Larrañaga-Gorrotxategi eta Yoldi-Pazos bikoak neurtuko dira. Irabazleak irailaren 16ko finalean Garralda-Tabar bikoarekin neurtu beharko dute. Finalerako pasea Santxo-Peñas 14ean utzi eta garaitu ondoren lortu zuten.