Aurten etxean gelditu dira Altsasuko festetako kartel lehiaketako bi sariak. Lehiaketaren irabazlea eta, ondorioz, festak iragarri dituena Elena Verarena da. Epaileek aurrez hautatutako hiru karteletan bozkatuena izan da. Altsasuarrak 600 euroko txekea irabazi du. Haurren kategorian, berriz, Nathali Carrionen jaso du saria. Txartelek oparitutako lotea eta 60 euro jaso ditu. Sari banaketa ekitaldia asteartean izan zen. Sariarekin batera, Juan Carlos Orellanak, festa eta parte hartze zinegotziak, zapi bana eman zien irabazleei. Kartel koloretsuakElena Verarenak diseinu grafikoa eta web orrien programazioa ikasi du. Lehiaketara aurkeztu den lehen urtea da; "behin baino gehiagotan pentsatu dut, baina kanpoan bizi naiz eta data pasatu egiten zitzaidan" esan digu. Aurkeztu eta irabazi. Diseinatzaile gazteak kartel koloretsua egin du. Kartelean Altsasuko kioskoa ageri da "herriaren adierazle eta festetako gune esanguratsua". Horrekin batera, lauburuak eta pertsona edo zuhaitzak ematen duten irudi sinbolokoak ageri dira, "kartelari dinamismoa ematen diotenak". Nathali Carrion Guzmanek Altsasuko Sagrado Corazon ikastetxean egiten ditu ikasketak. DBHko 3. maila hasi berri du. Gaztea Ekuadorren jaio zen, baina bi urte dituenetik Altsasun bizi da. Herriko festak gogoko omen ditu, "oso alaiak" direlako. Akrilikoz eginiko kartelerako festetako ohiko motiboak aukeratu ditu: kioskoa, udaletxea, musika, zezena, txu-txu trena...Erakusketa Helduen kategorian 23 kartel egon dira lehian, joan zen urtean baino 3 gehiago. Haurren kategorian, berriz, 50 kartel aurkeztu dira, joan zen urtean bezala. Altsasuko ikastetxeetako ikasleen lanak eta helduenak ikusgai daude Altsasuko Iortia kultur gunean.