Claudio Etxeberria Zabalo Ramalloko Hiritar Ospetsu izendatu dute

Guaixe 2012ko irailaren 25a

"Ramalloko partidoan eskolen eraikuntzan lan egin zuen. Erlezaina izan zen eta naturaren behatzaile handia izanda da. Egun, eskualdeko euskaldunen erreferente handienetakoa da". Horixe esan zuen Javier Tiesa kazetari eta idazleak omenduaren inguruan. Ariel Santalla intendentearen eskutik jaso zuen aipamena Etxeberriak. Altsasuarra emazte Pilar Guridi Uriberekin eta seme batekin joan zen ekitaldira. Ekitaldian Ramalloko 26 kolektibitateetako ordezkariak izan ziren. Jose Maria Bustos plazako Banderen Patioan Gernikako Arbolaren kimua landatu zuten. Euskal doinuak ere entzun ziren egun hartan Ramallon.

Biografia
Cristobal eta Gregoriaren semeak gaur egun 94 urte ditu. Nekazari eta ahuntzain lanetan aritu zen Altsasun. Etxeberriak 17 urte zituen Francok estatu kolpea jo zuenean. 1936an errepublikaren alde armak hartu zituen Etxeberriak. Gudaria izan zen. Santoñako errendizioa eta gero atxilotu zuten. Fusilatu ez zezaten "fachetta nera"k zaindu zuten.

Bizi guztirako espetxe zigorra jarri zioten "errebelioaren alde" egiteagatik. Valladolideko Santa Espina monasterioan preso izan zuten lehenik. 1937ko azaroan Iruñeko espetxera ekarri zuten eta ondoren Bilboko eskolapioetan zegoen espetxera. Espetxean 4 urte eman zituen. Zigorra aldatu eta aske gelditzeko 3 hilabete falta zituenean ejertzitoak deitu zuen eta Luis Molina Gonzalez infanteriako koronela buru zuen 30. Soldadu Langileen Batailoira bidali zuten. Soldadutza artillerian egin ondoren harrobietan lan egitera bidali zuten.

Guztia despeditu ondoren Altsasuko basozain izan zen, 1949ko otsailaren 28ra arte. Urte hartako maiatzaren 3an Argentinako bandera zuen Entre Rios itsasontzian igo zen, Pilar emaztearekin eta urte eta erdi zituen Claudio Norberto semearekin. Argentinan jaioko ziren Javier eta Margarita Francisca.