Oscar Guerrero Euskalteleko teknikari berria

Guaixe 2012ko urriaren 4a

Oscar Guerrero altsasuarra Euskaltel-Euskadiko zuzendari taldeko teknikaria izango da datorren denboraldian. Guerrerorekin batera Gorka Gerrikagoitiak, Alvaro Gonzalez de Galdeanok, Iñaki Isasik eta Alex Diazek osatuko dute talde teknikoa. Horrela, Igor Gonzalez de Galdeano manager nagusiak eskarmentu handiko zuzendari taldea izango du. Altsasuarrak esperientzia handia du txirrindularitzan. Sakanan piztu zitzaion grina, Burunda Txirrindulari Taldean, bertako Rural Kutxa afizionatuen taldeko zuzendaria izan baitzen. Hortik maila profesionalera egin zuen salto. Kaiku (2005-2006), Fuerteventura (2007) eta Contentpolis-Ampo (2009) taldeetan aritu da orain arte zuzendari lanak egiten. 2010ean Bio-Racer kirol markako merkatu koordiatzailea izateko ardura hartu zuen. Egun Euskalteleko txirrindulariak diren Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Jorge Azanza, Juanjo Oroz eta Pablo Urtasun zuzendu zituen Rural Kutxan eta Kaikun.