Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Unai Hualde da bozeramaile berria Asun Fdez. De Garaialde ordezkatuz. Altsasuko NaBaiko asanbladaren iritziz azken horrek ez ditu asanbladak hartutako erabakiak ordezkatzen Lastailaren 5ean egindako asanbladan erabaki zuen Altsasuko NaBaik orain arteko udaleko bozeramale Asun Fernandez de Garaialde ordezkatzea. Hark izandako ardura Unai Hualdek hartuko du eta bere ordezkoa Santi Luceño izanen da. Hala jakinarazi dio koalizioak alkateari. NaBaiko udal taldea "ezohiko egoeragatik" berrantolatu da. "Horrela argi egongo da Fdz de Garaialdek Udalean defendatzen eta bozkatzen dituen ideiak ez direla Altsasuko NaBaiko asanbladan hartu, baizik eta bereak direla".Horrekin batera, Altsasuko NaBairen batzarrak bi eskaera egin ditu. Batetik, Fdz de Garaialde baztertu gabe, alkateari Gobernu Batzordean NaBaiko beste zinegotzi bat egotea eskatu dio, udal taldeko bi sentsibilitateak ordezkatuak izateko. Alkatearen erabakiaren zain gelditu da koalizioa. Gaur egun Gobernu Batzordea alkateak, Bilduko bi kidek eta NaBaiko eta IU-EBko zinegotzi banak osatzen dute. Bestetik, Hirigintza eta Partehartze batzordeetan NaBaiko beste zinegotziren baten presentzia eskatzea, orain arte Fdz. De Garaialde NaBaiko ordezkari bakarra baitzen. Legearen arabera taldeek plenoaren osaeraren araberako proportzioan izan dezakete ordezkaritza batzordeetan eta horri eutsi dio Altsasuko NaBaiko asanbladak. Haustura"Aralarko ordezkari Fdz de Garaialdek otsailean azaldu zuen ez zela Altsasuko NaBaiko asanbladetara joanen, Altsasuko NaBaitik aldenduz. Ulertzen dugu erabaki honen atzetik duela urte bat Aralarrek hartutako erabakia dagoela, hau da, pixkanaka Bildura gerturatzearena" dio Altsasuko NaBaik. . Halaber, taldeak gogoratu nahi du Altsasuko Udalean Bilduk eta NaBaik launa zinegotzi dituztela, eta azken koalizioaren botoak erabakigarriak direla askotan. "Horren isla, NaBaiko asanbladak erabaki zuen Bilduk proposatutako 2012ko aurrekontuei abstentzioa ematea, baina Fernandez de Garaialdek baiezko boza eman zuen. Horregatik eta antzeko beste erabakiengatik erabaki dugu ez duela zentzurik aipatu zinegotziak Altsasuko NaBairen bozeramalea izaten jarraitzea" adierazi dute taldetik. Irailaren 24an Altsasuko NaBaik egindako asanbladan Asun Fdez. De Garaialderi bilera batetarako gonbitea egitea erabaki zen, "egoera konpontzeko", baina berak "ez zuen gonbidapena onartu". Eta horregatik, hain zuzen, erabaki dute Altsasuko NaBaiko bozeramailea aldatzea. Guaixe Asun Fdez. De Garaialderekin harremanetan jarri da, baina ez du inolako adierazpenik egin nahi izan.