Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako kross herrikoienean parte hartzera deitu dute. Bihar, 11:00etan, 33. Eskola Arteko Krossa Altsasun, eta 12:00etan V. Onddo Lasterketa, paraje ikusgarrian. Dantzaleku Sakana atletismo klubak, hainbat babesle eta laguntzailerekin batera, V. Onddo Lasterketa antolatu du biharko. Lasterketa ferien barruan gauzatuko da eta helburua, besterik gabe, atletismoaz gozatzea da, Dantzaleku, Basoitxi eta San Pedro zelai paraje ederrean barna, onddoak ateratzen diren tokian, hain zuzen. "Atletismoa bulkatu nahi dugu, zapatilak jarri eta beterik gabe korrika egitera ateratzea. Egun polita pasatzea da kontua, paraje ederretatik korrika eginez" dio Dantzaleku Sakana klubeko Peio Bergarak. Zapatilak jantzi eta korrika egitera!Onddo lasterketa proba ez lehiakorra da, eta sakandar guztiei bertan aritzeko gonbitea egiten diete antolatzaileek. "Horregatik ibilbideak 6,6 km-ko distantzia du, nahiko eramangarria, eta mota guztietako jendea erakarri nahi dugu: lasterketetan aritzen direnak, euren kabuz korrika egiten dutenak baina lasterketetara ateratzen ez direnak, familiartean edo lagunartean aritzen direnak... baina lehiakortasunik gabe, asmoa ongi pasatzea delako" gaineratu du Vergarak. Halaber, gonbidapen berezia egin nahi die emakumeei. "Emakumeei gehiago kostatzen zaie ateratzea, baina badakigu urtetik urtera euren presentzia handiagoa dela kiroletan. Hortaz, animatu daitezela" adierazi du Dantzaleku-Sakana klubekoak. Onddo Lasterketa Sakanan ospatzen den kross herrikoiena da. Horren adierazle, ez da kuotarik ordaindu behar. "Horregatik bihotzez eskertu behar dugu babesleek emandako babesa, aipatu proba ospatzea ahalbideratzen dutelako" nabarmendu du Peio Vergarak. Eta, jakina, proba ez lehiakorra denez, ez da sailkapenik ez sari metalikorik egongo. "Horren ordez opariak banatuko ditugu" gaineratu du Vergarak. Opariak eta zozketakAntolakuntzak onddoen eguneko 200 kamiseta termiko banatuko ditu eta helmugan La Vitorianak emandako berlinak eta Nettok eskainitako edariak dastatuko dira. Horretaz gain, hainbat lote zozketatuko dira parte hartzaileen artean: 4 lote onddo, 20 lote txistorra (Juan Antonio Galarza), 12 lote pate Katealde, 9 lote Poke gazta, 2 liburu lote (Arkatz), 12 ardo botila (El Ventorro) eta 2 afari (Lekuona). Eta sorpresaren bat egonen dela aurreratu dute.Ibilbidea6,6 km-ko lasterketa da, haritz artean, onddoak ezkutatzen diren paraje ederretan barna. Bihar, 12:00etan Altsasuko Foruen plazatik irten eta Pilotajaututik basorako bidea hartuko dute, Otaibarren, Olloetxe eta Zamarretako zubian barna. San Pedrora iritsi eta baso itxitik Dantzalekurako bidea hartuta, Maibelotik plazara itzuliko dira, lasterketa bukatzeko.Iaz 258 korrikalari aritu ziren eta aurten antzeko parte hartzea espero da, eguraldiaren arabera beti ere . Dagoeneko 100 inguru daude izena emanda. Euria eginez gero, dutxa zerbitzua egonen da Lavadero eraikinean. Guztia antolatzeko 25 pertsona inguru ariko dira lanean.33. Eskolarteko Krossean patinetea zozketatuko daOnddoen Lasterketaren aurretik, goizeko 11:00etan, 33. Eskolarteko Krossa jokatuko da Altsasuko Foruen plazako inguruetan prestatutako zirkuituan. Prebenjaminak, benjaminak, kimuak, haurrak eta kadeteak ariko dira korrika. Helburua atletismoa bulkatzea denez, ez da ez sailkapenik ez saririk egongo. Guztiek Cola Cao batidoa eta hainbat opari jasoko dituzte, eta korrikalarien artean patinetea eta kaskoa zozketatuko da. Iaz 88 gaztetxo aritu ziren eta antolakuntzak korrika egitera animatu nahi ditu ere etxeko txikienak.Izena ematekowww.dantzalekusakana.com web orrian, ostiralean. Proba egunean, bihar, Altsasuko Gure Etxean.