Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jose Carlos Jimenez "Kali" altsasuarra tiro olinpikoan aritzen da, foso modalitatean. Modalitate horretan hainbat kategoria daude, baina aurten bereziki foso unibertsalean lortu ditu emaitza onenak. Foso unibertsaleko 3. mailan dabil altsasuarra, eta palmares bikaina lortu du. Tartean Olaberria Sarian 102 tiratzaileren artean txapelduna izan zen - 25 platereko bi tiralditan guztiak hautsi zituen - ; Arabako Aramburu-Zabala Trofeoan lehena izan zen; Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako foso unibertsaleko txapelketetan eta Nafarroako Kopan lehen bost postuen artean sailkatu da; Euskadi mailako Liga Tiro izeneko ligan bosgarrena eta lehen nafarra da, momentuz; eta Espainiako Kopan aritu zen, Zaragozan, 13. postuan sailkatuz. Egun horretan zortea ez zuen alde izan altsasuarrak. Baina horri guztiari beste emaitza bikain bat gehitu behar zaio: Ribaforadan jokatutako Foso Unibertsaleko Trap Bikoitzean Nafarroako txapelduna izan zen. "Trap Bikoitzean aldiro plater bat atera beharrean bi ateratzen dira. Ni aurretik ez nintzen Trap Bikoitzean aritu, baina animatu nintzen. Beste tiratzaile nafar batekin 35 plateretan berdindu genuen eta desenpatean beste 50 plater bota behar genituen. Nik 45 bota nituen eta besteak 40. Eta lehen nafarra izan nintzen. Txundituta zeuden denak, emaitza horiek Espainiako Txapelketakoak direlako" dio Kalik. Lorpen handia da hori, baina altsasuarra kontentu dago denboraldi guztian barna maila onean mantendu delako, aparteko gorabeherarik izan gabe. "Ia txapelketa guztietan lehen 5 postuen artean egon naiz, tiraldi guztietan maila horri eusten. Hori da pozgarriena niretako" gaineratzen du. Espainiako Txapelketa helburu2013ko maiatzean Granadan jokatuko den Espainiako Tiro Txapelketan parte hartu nahiko luke altsasuarrak. Gogoarekin eta ilusioarekin dago. Apiril aldera jakingo da zein tiratzaile hautatuko dituen Nafarroako federazioak, baina berak hautatua izateko esperantza du, aukerak badituelako. "Ea hautatzen nauten. Goiko maila horietan aritzeak gogo gehiagorekin entrenatzea eta aritzea bulkatzen zaitu, ilusioarekin jarraitzea" dio. Krisia asko nabaritzen ari da tiro olinpikoan. "Geroz eta proba gutxiago eta sari gutxiago daude. Entrenatzerakoan kartutxoak gastatzeko orduan zuhurrago ibili behar naiz. Kirol honetan dirua duenak hobeto entrenatzeko eta emaitza hobeak lortzeko aukera du. Eskerrak esperientzia alde dudan, bestela!" dio altsasuarrak. "Babesleak lortzeko orduan kirol indibidualetan ibiltzen garenondako zailagoa da esponsorrak bilatzea. Gauza oso gaizki dago" azpimarratzen du Kalik. "Tiroa oso gaizki dago, baina hau da gustuko dudana eta jarraitzen ahaleginduko naiz. Aurten emaitza onak izan ditut baina hori ez da erraza. Atzean entrenamendu eta lan asko eta sakrifizio asko dago, gauzak ez datoz airetik. Ea hurrengo urtean jarraitzeko modua eta emaitzak hobetzeko aukera dugun" gaineratu du.