Onddo lasterketa bustia

Guaixe 2012ko urriaren 22a

Dantzaleku-Sakana Atletismo Klubak hainbat babesle eta laguntzailerekin antolatutako V. Onddo Lasterketa euripean burutu zen. Hala eta guztiz ere antolatzaileek balorazio positiboa egin dute. "Onddoen lasterketan, helduen proban, 192 korrikalari aritu ziren, eta 33. Eskola Arteko Krossan 44 neska-mutiko. Egiten zuen eguraldia kontuan hartuta espero genuena baina hobe. Oso pozik egoteko modukoa da" adierazi du Dantzaleku-Sakana Atletismo Klubeko Peio Bergarak. Eguraldi txarraren eragina gaztetxoenen parte-hartzean sumatu zen gehien, baina helduen proban izena emanda zeuden ia guztiak aritu ziren Dantzaleku, Basoitxi eta San Pedro zelai arteko paraje zoragarrian korrika, proba ez lehiakorrak zituen 6,6 km-ak osatuz. Izan ere, hori da probaren helburua, korrika egitearen plazerra sustatzea. "Gustura aritu ziren korrika. Izan ere, korrika egiteko euria ez da txarra" gaineratzen du Bergarak. Proba lehiakorra izanda, ez dago klasifikaziorik. Azkarrenek 25 minutu ingurutan osatu zuten ibilbidea, eta hortik gora gainontzekoek. Helduetan aritu ziren 192 korrikalarietatik 33 inguru emakumeak ziren. Zenbaki polita, baina, urtez urte igotzen ari dena. "Oso giro polita sortu zen eta korrikalari guztiendako jan-edana eta kamiseta izan zen bukaeran. Eta 57 produktu lote zozketatu genituen - patea, txistorra, gazta, liburuak, afariak... - lau otare onddo tartean. Bi Gipuzkoara joan ziren, bat Arabara eta bestea Nafarroan gelditu zen" adierazi digu Bergarak. Jakina, 33. Eskolarteko Krossean aritu ziren neska-mutikoek ere zer jan eta zer edan izan zuten eta guztien artean patinete bat zozketatu zen. Alaitzi egokitu zitzaion. www.dantzalekusakana.comOnddo lasterketan eta 33. Eskolarteko Krossean aritu zirenen zerrenda eta argazkiak.