Altsasuko irudiak Home Movie Day egunean

Guaixe 2012ko urriaren 30a

Edo II. Etxeko Filmen Eguna ospatu zuen aurreko ostiralean Nafarroako Filmotekak eta, horregatik, afizionatu nafarrek egindako filmak eman zituzten. Emanaldietako bik Burundarekin zerikusia zuten. Aurrenekoa Carlos Oteiza Errok filmatutakoa da. Haren alaba Nievesek esan digunez, "aita Nafarroa eta bere artisautza gustatu egiten zitzaion. Batera eta bestera ibiltzen zen artisauei grabatzen". Jubilatu baino pixka bat lehenago hasi zen irudiak hartzen, duela 25-30 urte. Altsasuko ferien eta San Pedro erromeriaren irudiak hartu zituen. Bigarrena Kunkunak zinema amateur talde altsasuarrak 1975 eta 1976 urteen artean Alsasua: folklore y tradición filma egin zuena (S8mm). 84 minututan Olentzero, Santa Ageda, euskal festak, San Juan eta San Pedroren berri ematen da. Ostiralean kinto ospakizunei buruzko zatia ikusi zen. Errealizazioaz Jose Angel de Migel, Roberto eta Joseba Salegi eta Jose Luis Ruiz Ciruelo arduratu ziren. Gidoia Satur Leozek idatzi zuen eta irudiei Fernando Bengoetxeak jarri zien ahotsa. 1977an mustu zuten Bengoetxea zineman eta 3 egunez ikusgai izan zen. Kartel iragarleak plazako intxaurrondoa eta Javier Goikoetxearen olerki bat zituen. Filmotekak programazio berezi hori prestatu zuen larunbatean Ikus-entzunezkoen Ondarearen Munduko Eguna ospatu zelako. Duela 10 urte ospatzen da egun hori, herritarrak film-memoria pribatuak gordetzeak duen garrantziaz sentsibilizatzeko.