Udalak hizkuntzak erabiltzeko irizpideak onartu du

Guaixe 2012ko azaroaren 8a

Aurreko asteazkenean egindako bilkuran Altsasuko Udalak hizkuntza ofizialak udalean erabiltzeko irizpideak onartu zituen, bai ahoz, bai idatziz nola telematikoki. Aldeko botoa eman zuten Bilduk, Geroa Baik, PSNk eta Aralarrek. UPN, PP eta IU-EB abstenitu egin ziren. Ahozko komunikazioari dagokionez, bi hizkuntzetan emanen du zerbitzua Altsasuko Udalak, beti ere solaskidearen nahia kontuan izanik. Hala ere, harreman guztietan udaleko langileek lehen hitza euskaraz eginen dute eta gero solaskidearen hizkuntza aukeraren arabera jokatuko dute. Euskararen erabilera sustatzeko euskara zein langilek menderatzen duen behar bezala adieraziko da. Idatzizko komunikazioan, udalak bidaltzaile denean, lehen komunikazioa elebitan eginen du. Baina bakarren batek propio euskaraz bidaltzeko eskatu badu hala eginen du. Jasotako komunikazioari erantzuna ematerakoan, gaztelaniaz bada hizkuntza berean erantzuteko aukera izanen du udalak. Elebitan jasotakoari modu berean erantzungo dio, beti ere euskara hautatzeko bidea emanez. Bestela udalak zabaltzen dituen bando, ediktu eta bestelako ziurtagiriak elebitan izanen dira. Komunikazio telematikoan herritarrek egindako aukeran, hizkuntzan mantenduko da harremana. Hala ere, altsasuar guztiek zerbitzua elebitan jasotzea bermatuko du udalak. Bestalde, onartutako irizpideen arabera, bi hizkuntzak agertzen diren komunikazioetan euskara nabarmentzeko neurriak hartuko ditu Altsasuko Udalak. Bestalde, komunikazioa euskara hutsez jaso nahi duten altsasuarren errolda osatuko du udalak. Lan hizkuntza, hizkuntza paisaia, argitalpen, publizitate, ekitaldi publiko, euskararen sustapenaren, langileria eta kontratazio administratiboen inguruko hizkuntza irizpideak ere onartu ziren.