Feriak argazkitan ikusgai

Guaixe 2012ko azaroaren 15a

Altsasuko Mendigoizaleak XXVII. Ferietako Argazki Rallyko sariak larunbat arratsaldean banatu zituen Iortia kultur gunean, auzate batez lagunduta. Helduen mailan lehiaketara aurkeztutako 16 pertsonen artean argazki bilduma onena Soraluzeko Carlos de Cosek aurkeztutakoa izan zela ebatzi zuen epaimahaiak. Bigarren bilduma onena Lizarrako Nuria Zabalak aurkeztutakoa izan zen. Zabalak berak eskuratu zuen feria gaia hartuta argazki onenaren saria; euskal pastel batzuei egindako argazkiagatik. Lizarrara joan zen ere argazki bildumen 3. saria, Ivan Martinezek aurkeztu zuena. Haurren mailan 4 parte-hartzaile izan ziren. Bilduma onena Orkoiengo Jon Gradosek aurkeztutakoa izan zen. Jone Grados altsasuarrarendako izan zen 2. saria. Iruñeko Mikel Urdinek osatu zuen haur mailako podiuma. Parte-hartzaile sakandarrak: Jone Grados, Andres Bengoetxea eta Fernando Sayas altsasuarrak eta Edurne Aierdi eta Maria Eugenia Aierdi olaztiarrak.