Emakumeendako autodefentsa ikastaroa asteburuan

Guaixe 2012ko azaroaren 15a

Larunbatean hasi eta domekan segida izanen duen ikastaroa heldu den astean despedituko da. 10:00etatik 15:00etara Labadero eraikinean biltzen diren emakumeak Oihulari Klonweko Virginia Imaz Quijerarekin ariko dira. Imazek umorea, emozioak eta genero abiapuntua hartuta "norberaren autoestimua eta autonomia landuko dituzte, gatazka arautzeko eta komunikaziorako trebetasunak garatuz, erlazio hobeak garatzeko". Altsasuko Udaleko Emakumearen Bilguneak antolatu duen ikastaroa Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako nazioarteko Egunaren harira antolatutako jarduera da. Hala izendatu zuen azaroaren 25a Nazio Batuen Erakundeak. Aurten Berdintasunak indarkeria ezabatzen du leloarekin ospatuko da. Antolatutako ekitaldien barruan heldu den ostiralean, hilak 23, DBHko 4. mailako batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzendutako film emanaldia izanen da. Arrasate 1936. Emakumea, gerra eta errepresioa dokumentala ikusteko aukera izanen dute. Ondoren, Intxorta 1937 kultur elkarteko Julia Mongerekin hitz egiteko aukera izanen dute ikasleek.