Imajinatzeko ere balio du

Guaixe 2012ko azaroaren 16a

Gozamenez imajinatzeko aukera izanen dute gaur Intxostiapunta gazte gunetik pasatzen diren 14 eta 30 urte bitarteko gazteak. Irudimen ariketa Erotiklik argazki bilduma osatzen duten 60 irudiekin hasiko da. Erotismoaren inguruan Iruñeko gazteen ikuspegiak biltzen ditu bilduma horrek. Ondoren Izaskun Etxeberria idazle altsasuarrak bere 2 ipuin irakurriko ditu. Hego haizea lagun izenburuko testu erotiko laburra da haietako bat, udaberrian Beterriko literatura aldizkarian argitaratu dena. Horren ondoren Lepoa erakusteko eskatu zion ipuina irakurriko du eta mende hasierako txokolategi batera eramanen gaitu. Lan horrek Etxeberriari Berriobeitiko udalak antolatutako III. narrazio erotikoen lehiaketako saria eman zion. Imajinazioari eskainitako saioa despeditzeko txokolate eta fruituen dastatze beroa izanen da. Gozamenez programa, 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Haren bidez sexualitatea poztasun handiz, "gozamenez", eta mugarik gabe bizi beharreko zerbait bezala ulertzen du, "nahi duguna erabakitzeko eta beste pertsonekin harreman hobeak edukitzeko autonomoagoak izaten lagunduko diguna".