Hondakinen kudeaketa erabakitzeko prozesu parte-hartzailea nahi du Bilduk

Guaixe 2012ko azaroaren 23a

Bilkurak erabaki bezala, Altsasuko Udalaren baitan hondakin bilketa eraginkorragoa egiteko batzordea sortuko da. Bildu Altsasuko alkate eta zinegotziek, Garazi Urrestarazu Zubizarretak, Ruben Imaz Alcaidek, Juan Carlos Orellana Bengoetxeak eta Hasier Gonzalez Larrañagak, azaldu dutenez, batzordea "alderdi politikoez gain, herriko eragile sozial, ekonomiko, sindikal eta herritar orori zabaldu behar zaio". Bilduko kideek uste dute batzordearen "konpromisoa" dela herrian "informazio eraginkorra eta kontrastatua zabaltzeaz gain, behar den eztabaida, modu sosegatuan, behar den denbora emanez eta alderdikerietatik at garatzeko neurriak hartzea". Alkatetzako taldekoen iritziz, "prozesu oso bat burutu behar da" altsasuarrek "erabakia modu kontziente eta arduratsuan hartu ahal izateko". Horrekin batera, Bilduko hautetsiek proposatu dute batzordearen inguruko guztian herritarrak uneoro jakinaren gainean izatea. Baita altsasuarrek ekarpenak egiteko aukera izatea, horretarako "baliabideak martxan jarriz". Bilduko kideak udalean "adostasun zabal batera iristeko bokazio osoa" azaldu dute. Altsasuarrak Batzordetik antolatu daitezken ekimen, ekitaldi eta dinamiketan parte hartzera gonbidatu dituzte. EpeezBilkuran erabaki zen 3 hilabeteko epean herri galdeketa egitea. Alkatetzako taldeko kideek espero dute sortuko den batzordea eguberriko oporren aurretik aurreneko bilera egitea. Baina herri galdeketa egiteko data informazio epearen arabera zehaztearen alde agertu da Bildu. Informazioa egoki zabaltzeko bermea nahi dute koalizioko kideek, haien ustez "parte hartzea galdera bat egitea baino gehiago baita". Sakanako Mankomunitateak hondakinak biltzeko sistema berria ezartzeko informazio kanpaina bat jarri du martxan. Horrekin batera, hiru informazio bulego zabalduko ditu. Irurtzunen eta Etxarri Aranatzen zabalduko dira bi, bestea Burundan. Altsasuko batzordeak hartu beharko lukeen aurreneko erabakietako bat Mank-en bulegoa herrian hartzea edo ez litzateke. Eta, horrekin batera, Mank-ek bere informazio kanpaina Altsasun ibarreko beste herrietan bezala egin behar duen edo ez.