Urtebetetze festa ber bi

Guaixe 2012ko azaroaren 29a

Familia, lagunak, irakasle ohiak, lankideak eta beste bildu zituen ostiralean Castillo Suarezek Urtebetetze festa liburuaren aurkezpenean. Irakurraldia hasi aurretik egileak egiteko horretan lagundu zuen Leire Bilbaori eskerrak eman zizkion idazterakoan laguntzeagatik. Eskerrak ere eman zizkion Garazi Kamiori, zuzenketak egiteagatik.Xabier Mendiguren editoreak esan zuenez Suarezen poemak "enigmatikoak" dira. "Ulertzen dituzu hitzak. Gozo doa, esaldiz esaldi. Baina azkenean esaten duzu: baina zer esan nahi zidan, eta berriz irakurtzen duzu". Suarezen poesiak "magnetikoa" izatearen dohaina  duela ere esan zuen Mendigurenek. "Erakarri egiten zaituzte eta sumatzen duzu hor badela zerbait".