Arbizuko ilustratzaileak bere erakusketari Ametsak izenburua eman dio. Bisitatzen duenak, batetik, afrikar jendearen marrazkiak, lehenagokoak, ikusiko ditu eta, bestetik, azken aldian egindako marrazkiak. Aurrenekoetan teknologia digitalaren gainetik arkatz, tinta, akuarela, tenpera edo akrilikoen erabilera nagusi da, azken aldian sortutakoetan aztarna digitala nabariagoa da, "baina, beti ere, eskuz egindako oinarriaren gainean". Fernandezek esan digunez, denborarekin estilo pertsonala garatzen ari da, "baina ez naiz oso tematia horrekin. Irudiek zeregin edo testuinguru ezberdinak izan ditzakete, eta kontuan hartzen dut marrazteko orduan, estiloa eta teknika ezberdinetara egokitzen saiatzen naiz". Arbizuarrak bere lanak literatur liburuetan eta prentsan argitaratzen ditu. IlustratzaileaFernadezek txikitatik maite izan du marraztea. "Atentzioa ematen zidan edozein gauza marratzen nuen segituan, nire istorioak kontatzeko ere egiten nituen marrazkiak". Marrazteko beharra duela eta horretan zoriontsu dela adierazi digu. Arte Ederretako fakultatetik atera ondoren argitaratu zuen bere aurreneko lana. Ilustratzaileak ideia bat sortu ahal badu ere, "normalean idazle baten testua izaten da abiapuntua eta proiektu partekatua da". Fernandezek azaldu digunez, "ilustrazioek testua osatu ahal dute, baina biek batera joan behar dute". Idazleekin aritzen denean, lana despeditu aurretik haiekin biltzen da, ezin denean editorearekin, "eta idazleek eman nahi duten ideia islatu dudala ziurtatzea gustatzen zait. Hitzak iruditan interpretatzeko orduan zalantzak sor daitezke". Horregatik, idazle eta ilustratzaileen arteko komunikazioa garrantzitsua dela dio. "Liburu bakoitza istorio bat kontatzeko proiektua da".