Altsasun erosteagatik saritua

Guaixe 2012ko abenduaren 10a

4.000 euroko Gabonetako Saskia zozketatu du aurten Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE). Josefina Erbiti izan da Azarokotea kanpainaren irabazlea: "sinistu ezinik nago". Altsasuko dendetan erosten du egunero Erbitik eta, urtero bezala, ADE-k antolatutako zozketan parte hartu du: "baina hainbeste txartel bete ondoren ez zitzaidala egokituko pentsatzen nuen". Bi dei jaso zituen, ezin izan zuen erantzun eta, orduan, deia itzultzea erabaki zuen. "Egun horretan zortziak arte neukan erantzuteko aukera". Altsasuko dendetako produktuek osatzen zuten saria: produktu elektronikoak, arropa, janaria, eta abar. Dagoeneko Erbitiren semeak eta alabak, Ander eta Saioa Iraizoz,  banatu dituzte opariak. "Tableta, adibidez, egun bakoitietan batek eta bikoitietan besteak erabiliko dutela adostu dute". Azarokotea sari "polita" izan dela aitortu dute ADEtik.Abenduko kanpaina azarora pasa du aurten Altsasuko Dendarien elkarteak. Hortaz, gabonetako erosketak aurreratzea bultzatu nahi zuten. Dena dela, nahiz eta 4.000 euroko sariak jakinmina sortu duen, salmentak aurreko urteetako antzekoak izan direla aitortu du Maru Garciak, Tu Tienda Especialeko dendariak: "oso lasai dago dena". Ekonomia krisiarekin eta merkataritza gune handiekin herriko bezeroak "zaindu" eta "harritu" behar direla dio. Azarokotea herrian erosketak bultzatzeko modu bat da. Gainera, Gabonetarako umeei zuzendutako beste lehiaketa bat antolatu du ADEk.