Iskizakoak txukun Espainiako absolutuan

Guaixe 2012ko abenduaren 21a

Sakana Iskiza Gimnasia Erritmika taldea lan eta lan dabil. Azken bi hilabeteetan hurrengo torneoetan parte hartu dute: Gernika, Euskalgym, Durango, Beti Aurrera, Nafarroako Txapelketa... eta aurreko asteazkenetik igandera bitartean Castellonen izan ziren, Espainiako Gimnasia Erritmika Txapelketa Absolutuan parte hartzen. Aipatzekoa da aurreko urtera arte Base Mailan aritu direla Iskizakoak, eta aurten egin dute salto maila Absolutura. Hortaz, maila berriari tamaina hartzen ari dira. Oso aldaketa handia izan da, eta nahiz eta entrenatzaileen hitzetan asko aurreratu, eskaera maila ikaragarri altua da eta, hortaz, ez dute aurreko urteetan bezalako emaitza onik lortu. "Oraindik hobetu beharra dugu maila absolutuan ongi egoteko" azaldu dute Iskizatik. Horri guztiari gehitu behar zaio lesioekin arazoak izan dituztela. "Hala ere, Espainiako Txapelketan ongi pasatu dugu eta nahiz eta emaitza onik ez lortu, esperientzia hartu eta giroaz disfrutatu dugu" azaldu dute, itxaropenaz beterik. Orain helburua udaberrian jokatuko den Espainiako Banakako Txapelketa prestatzea da. Iskizako 6 kirolari ariko dira bertanBihar erakustaldiaIskizak Gabonetako Gimnasia Erritmika erakustaldia eginen du bihar, larunbatean, 11:30ean Altsasuko Burunda Pilotalekuan.