Negua izaki mitologikoen eskutik iritsi da Altsasura

Guaixe 2012ko abenduaren 26a

Jentilak, Momotxorroak, Gonagorria, Mari, Mainamikirri, eta abar Usolarrainen, Dantzaleku parean, sortutako eskenatoki naturalean bildu ziren neguari ongietorria emateko. Neguko solstizioa ospatu zuen Egubera taldeak larunbatean. Berrogei bat pertsonek izaki mikologikoen plantak egin zituzten urtaro hotz eta larri honetan altsasuarren arimak zaindu dezaten. Sua izan zen erdigunea. Ordu erdiko ikuskizuna ospatu zuen Egubera taldeak. Olentzerori harrera ezin hobea eman zioten izaki mitologikoek, aitzina egin bezala. Jentilak hasi ziren, ekaitzak dela eta desagertzeko arriskua ikusten duten arte. Kontakizunean esan bezala, jentilak basoan bizi ziren izaki mitologiko gehiagorekin harremana zuten: minotauroa, lamiak, eta Momotxorroak. Usolarrainen sortutako inguru magikora iritsi zen Altsasuko izaki mitologikoa. Beldurra sortuz sartu ziren eta suaren argiaren inguruan Momotxorroen Dantza egin zuten. Ondoren, Gonagorria bihurria agertu zen. Emakumeak Lamiak deitu zioten, ekaitzaren aurrean zaindu zezan. Mari ederra agertu zen orduan. Sorginek Mainamikirri deitu zioten, sorginetatik jakintsuena. Amaitzeko farajoleak agertu ziren, izaki mitologikoak esnatu asmoz.Jende asko hurbildu zen Usolarrainen ingururaino solstizioaren ospakizuna ikusteko. Olentzero ere jaitsi omen zen solstizioan, baina 24ra arte ez zen herritarren aurrean agertu. Egubera taldeak aurreko urteetan ospatu nahi izan zuen solstizioa baino zenbait arazoengatik ezin izan zuen. Aurten, ordea, garai egokia zela pentsatu zuten eta izaki mitologikoak deitu zituzten neguan lagundu dezaten.