Altsasuko CBASKen aurkezpena

Guaixe 2013ko urtarrilaren 8a

Altsasuko Saskibaloi Taldeak, CBASKek, 2012-2013 denboraldiko taldeen aurkezpena egin zuen abenduaren 29an Altsasuko Zelandi kiroldegian. CBASK taldeak guztira 88 saskibaloi jokalari ditu, 9 taldetan banatuta. Gehienek Nafar Kirol Jolasetan parte hartzen dute. Ondoko taldeak dira: emakumezkoen seniorra, emakumezkoen kadetea, gizonezkoen juniorra, emakumezkoen eta gizonezkoen haur mailako taldeak, emakumezkoen aurre-infantil mailak eta gizonezkoen eta emakumezkoen mini mailak. CBASKetik gaineratu dutenez, hurrengo denboraldian benjamin mailako talde bat lehiatuko da Nafar Kirol Jolasetan. Halaber, junior talderako entrenatzailea behar dutela adierazi zuten.Aurkezpena Juanjo Marin Memorialean egin zuen CBASKek. Juanjo Marin saskibaloi jokalari altsasuarra zen, 2003an auto istripu batean zendu zena. Ordutik urtero memoriala egiten dute. Aurtengo memorialean Cementos Portland Valderrivasi 27-54 irabazi zion Aranguren Mutilbasket taldeak. Bertan jokatzen du, hain zuzen ere, Marin zenaren seme Danielek. Eta beste partidan, CBASKeko juniorrek 47-53 galdu zuten Araiako Alipendiren kontra.