Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pasa den urtean hasi zen Altsasuko Udala Santa Agedako ospakizunetako bazkarietarako udal egoitzak eskaintzen. Kintada batek baiezkoa eman zion eta Gure Etxean bazkaldu zuten. Herrian bertan majo bazkaldu zuten, inora mugitu behar izan gabe. Egoitzaren garbitasunaz besterik ez zuten arduratu behar izan. Aurten otsailaren 9an izanen dira Santa Ageda ospakizunak eta kinto bazkariak herrian egitea bermatu luke udalak. Egun bakarrean herritar guztiak hartzeko adina jatetxe ez daudenez, autobusa hartu eta batera eta bestera joan beharrean suertatzen dira altsasuarrak. Krisi garaian gastu gehigarria da hori eta eragotzi nahi du udalak. Horregatik, udal eraikinak erabiltzeko eskaintza. Kinto bazkariak herrian bertan eginda eguerdiko poteoa luzatu eta festa bera indartuko litzatekeela uste dute udalean. Izena ematen duten pertsona kopuruaren arabera udala eraikin bat edo beste uzteko prest legoke. Gure Etxea, Labaderoa eta Burunda pilotalekua dira aukeretako batzuk.