Altsasuko eskolaniak eta Tik Tarak doinu beroak eskainiko dituzte

Guaixe 2013ko urtarrilaren 11

Musika afro-karibearra, flamenkoa, funka eta jazzaren ikutua duen talde sendoa Tik Tara. Zarauztarrak bihar Altsasun bisitan izanen dugu. Baina ez dira bakarrik igoko eskenatokira. Aldamenean Altsasuko Musika eta Dantza eskolako eskolania izanen dute. Hau da, kantu ikasketak egiten ari diren 50 ikasleekin batera ariko da Tik Tara. Gainera, taldearen diskoaren grabazioan parte hartuko du eskolaniak. Altsasuko Musika eta Dantza eskolatik jakinarazi digutenez, aurreko ikasturtean eskolaniarako beste ikuspuntu bat lantzen hasi ziren, erakargarriagoa egiteko. Horrek hainbat irakaslek parte hartzea eta beste dinamika eta ekintza batzuk ahalbidetu ditu. Hizkuntza Musikaleko irakaslea Amaia Ureta Tik Tara taldeko kide da, eta diskoa grabatu behar zutela baliatuz haurrak egitasmoan parte-hartzaile egitea pentsatu zuten. Esan eta egin. ErrepertorioaEskolaniako 50 kideek esperientzia bikoitza biziko dute bihar: disko baten grabazio batean parte hartzeaz gain, talde batekin aritzeko aukera izanen dute. Ohiko errepertorioarekin batera, taldearekin abestu beharreko kantuak ikasi dituzte eta horretan lagun izan dituzte teknologia berriak. Bihar emanaldiaren aurretik elkarrekin entseatuko dute eskolaniak eta Tik Tarak, dena behar bezala borobiltzeko. Eskolaniako kideek taldearekin grabatu duten Afro izeneko kantuan parte hartuko dute. Gainera, Dubula abestia prestatu dute taldearekin batera abesteko. Tik Tarari koroak eginen dizkio eskolaniak Oreka kantuan. Jakina izanen da gipuzkoarren emanaldirik ere. Eskolaniak koreografia lanak ere egin beharko ditu. Biharko emanaldiak bere "tarte pedagogikoak" ere izanen dituela aurreratu digute eskolatik. Gainera, zentroan ari diren bateria ikasle zaharrenek (Iñigo, Hodei, Euken...) jotzeko aukera emanen zaie emanaldian. ZabalikLarunbateko emanaldiaz aparte egitasmoak segida izanen duen ikusteke dago. Bitartean eskolan beste proiekturen bat badute esku artean, "baina egoera ekonomikoak ez du laguntzen eta hor dugu erronkarik nagusiena, erakargarriak eta autofinantzatu daitezkeen jarduerak antolatzea". Bitartean, biharko ekimenen modukoak Altsasuko Musika eta Dantza eskolako leloarekin bat egiten dute: hezi, jostatu eta hedatu. Eskolak herriarekin erabateko lotura duenaren adierazle dira Olentzero, Santa Ageda edo inauteri ospakizunetan duen parte hartzea. Gainera, entzunaldiak eta ikastetxeendako antzerki musikala eta bestek osatzen dute eskaintza hori. Beste herri batzuetan ere erakutsiko dutena.