Altsasuko lohietan Casado eta Abrego nagusi

Guaixe 2013ko urtarrilaren 14a

Altsasuko 31. KrosaGizonezkoak (7.490 m)1.Javier Antonio Casado: 25:3710.Javier Moreno: 27:0430.Urko Berdud: 28:2236.Felix Benjumea: 28:4751.Kike Aldasoro: 29:5655.Casi Estarriaga: 29:5963.Walid Ballouk: 30:3074.Juantxo Azurmendi: 31:35Emakumezkoak (5.750 m)1. Nerea Abrego (22:11)Nafarroako Beteranoen TxapelketaGizonezkoak: 1. Javier Antonio Casado (25:37)Emakumezkoak: 1. Ana Casares (23:05)Dantzaleku Sakana klubak hainbat entitate eta babesleren laguntzarekin antolatuta, Altsasuko Dantzaleku paraje ederrek Altsasuko 31. Krosa hartu zuten igandean. Federatutako korrikalariek parte hartu ahal zuten. Kategoria guztiak kontuan hartuta irteera hartu zuten 292 korrikalariek hotzari eta ibilbidean barna zegoen lohiari egin behar izan zieten aurre, baina kategoria nagusiko lasterketak jokatu zirenean ez zuen euririk egin. Gizonezkoen proban Antonio Casado nagusitu zen eta bera izan zen ere Nafarroako Beteranoen Txapelketa irabazi zuena. Emakumezkoetan Nerea Abregok irabazi zuen lasterketa baina Ana Casares izan zen Beteranoen Txapelketan gailendu zena. Iganderako eguraldi petrala iragarrita zegoen eta, egia esan, ez zen eguraldirik aproposena egiten zapatilak jantzi eta Altsasuko Dantzaleku pistetara hurbiltzeko. Baina hotzari aurre eginez korrikalari inguru bildu zen Dantzalekun. Lehenik eta behin kategoria txikiko lasterketak jokatu ziren, benjamin mailatik hasita jubenil mailaraino. Nafar Kirol Jolasen Kros Txapelketako 2. jardunaldia zen Altsasun igandean jokatu zena, eta guztira 179 neska-mutiko aritu ziren, espero baino gehiago, eguraldi txarra kontuan hartuta. Casado eta Abrego aurreratuta iritsi ziren12:45ean abiatu zen emakumezkoen proba (5.750 m). 27 korrikalariek Dantzaleku inguruko paraje ederretan prestatutako zirkuituari 3 itzuli eman zizkioten. Nerea Abregok erasoa jo zuen bigarren itzulian eta helmugara bakarrik iristea lortu zuen (22:11). 43 segundora iritsi zen Maitane Melero (22:54) eta 54ra Ana Casares (23:05). Nafarroako Beteranoen Txapelketa aintzat hartuta, Ana Casares izan zen beterano onena, Uxue Fraileren eta Eva Bustoren aurretik. Ez zen emakume sakandarrik aritu. Taldeka Hiru Herrik irabazi zuen, Beste Iruñaren eta Ribera Atleticoren aurretik. Gizonezkoen proba hasi baino lehen minutu bateko isilunea gorde zen Fuentes Dutor fundazioko presidentea zen Juan Maria Fuentesen alde. Fundazio honek Nafarroako Atletismo Federazioarekin kolaboratzen du. 86 korrikalarik hartu zuten irteera, zirkuituari 4 itzuli emateko (7.490 m). Antonio Casado zen faborito nagusia eta alde horretatik ez zen sorpresarik egon. Hasieran Rafa Maritxalarrek tiratu zuen, Antonio Casado eta Migel Aristu gertu zituela. Lehendabiziko itzulian erreleboak egin zituzten, gainontzeko atletei aldea ateratzeko, baina aurrerago Javier Antonio Casadok erritmoa azkartu zuen eta atzean utzi zituen guztiak, helmugara bakarrik iritsiz (25:37). 16 segundora sartu zen Gabriel Garin (25:53) eta 22 segundora Rafa Maritxalar (25:59). Casadok, halaber, Nafarroako Beteranoen Txapelketa irabazi zuen, hirugarrenez jarraian Dantzalekun. Taldeka Hiru Herri gailendu zen, Beste Iruña eta Ardoiren aurretik. Aritu ziren 7 korrikalari sakandarraren artean Javi Moreno altsasuarra izan zen azkarrena, 10. postuan sartuta (27:04).Hotzagatik eta eguraldi kaxkarragatik ikusle gutxiago hurbildu ziren Dantzalekuko pistetara. Hala ere, eguraldiak ez zuen parte-hartzean gehiegi eragin, guztira 292 korrikalari aritu baitziren. Ez zen sari metalikorik egon. Altsasuko kroseko irabazleek txapela, momotxorroa eta sorginak jaso zituzten, eta gainontzeko sarituek trofeoak.