Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atleta federatuek hartu ahal dute parte. 10:00etan Nafar Kirol Jolasen lasterketak jokatuko dira, 12:45ean emakumeen krosa (5.750 m) eta 13:15ean gizonezkoena (7.490 m)Dantzaleku Sakana klubak hainbat entitate eta babesleren laguntzarekin antolatuta, ilbeltzaren 13an, igandean, jokatuko da Altsasuko 31. Krosa Dantzalekuko paraje ederretan. Bertan federatuta dauden kategoria ezberdinetako korrikalariek har dezakete parte. Baina horretaz aparte, Altsasuko proba Nafarroako Beteranoen Kros Txapelketa izango da. Hau da, bertan aritzen diren beteranoen artean erabakiko da nor diren Nafarroako beteranoetan onenak. 35 urtetik gorako Nafarroako beteranoek puntuatuko dute. Antolakuntzak 150 korrikalari inguru espero ditu, tartean Nafarroako elite mailako korrikalariak.Nafar Kirol Jolasak ere jokoanHelduen probarekin batera, kategoria txikiko Nafar Kirol Jolasen krosa hartuko du Altsasuk igandean. Maila ezberdinetan banatuta iaz 212 haur inguru aritu ziren. Baina iganderako eguraldi txarra iragarri dutenez, kopuru txikiagoa espero da. Haurren probak 10:00etatik aurrera jokatuko dira. Ondoko kategoriak lehiatuko dira: benjaminak (700 m), kimuak (neskak 1.200 m, mutilak 1.700 m), haurrak (neskak 1.700 m, mutilak 2.530 m), kadeteak (neskak 2.530 m, mutilak 4.010 m) eta jubenilak (neskak 4.010 m, mutilak 5.750 m). SariakAurreko urteetan bezala, ez da diru saririk emango. Altsasuko Krosa irabazten duen lehen gizonezkoak Altsasuko inauterietako momotxorroa eta txapela jasoko ditu eta lehen emakumezkoak inauterietako sorgina eta txapela. Bigarrenendako eta hirugarrenendako trofeoak izanen dira. Bestalde, Nafarroako Beteranoen Kros Txapelketan sailkatzen diren lehen hirurendako ere trofeoak izango dira. Ildo honetan, Beteranoen Txapelketa 2 mailatan bereiztu dute, batetik 35 eta 45 urte bitartekoak eta bestetik 45 urtetik gorakoak.Diru-laguntzarik gabeNahiz eta Altsasuko krosa Nafarroako Beteranoen Kros Txapelketa eta Nafar Kirol Jolasak izan, aurten ere Dantzaleku-Sakana klubak ez du Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Atletismo Federazioaren diru-laguntzarik jaso. Laguntza bakarra Altsasuko Udalak emandakoa da. Juantxo Azurmendik adierazi digunez, gero eta zailagoa da horrelako lasterketa bat diru-laguntzarik gabe antolatzea, izena ematea dohainik baita. Horregatik babesleei eskerrak eman dizkie. "Urtetik urtera diru-laguntzak murriztuz doaz eta babesleak ere bera doaz. Kluba deskapitalizatzen ari gara, geroz eta diru gutxiago dugu, baina zailtasunak zailtasun ahal dugun bitartean probak antolatzen jarraituko dugu" adierazi digu. IbilbideaEmakumezkoak 12:45ean aterako dira, eta gizonak 13:15ean. Pistetatik aterata inguruko parajeetan lasterka ariko dira korrikalariak. Gizonezkoek 7.490 metro osatu beharko dute prestatutako zirkuituari 4 buelta emanez, eta emakumezkoek buelta bat gutxiago, 5.750 metro egin arte, guztiek ere Dantzalekun bertan bukatuko dute ibilbidea. Dantzalekuko taberna zabalik egongo da zerbait hartu nahi dutenendako. Dantzaleku Sakanatik 20 bat pertsona ariko dira lanean dena ongi ateratzeko.