Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuari Sunsundegui enpresarekin egindako akordioak ez betetzea leporatu dio langileen batzordeak (UGTk 5, ELAk 4, LAB 3 eta independiente 1) . Enpresak produktua eta merkatua duela azaldu dute langileek, baina Sodenaren kudeaketa ez dela egokia izan kritikatu dute. Hortaz, azalpenik eman gabe enpresa aurre-konkurtsoan jarri dutela salatu dute. Sakanaren desindustrializazioan eta langabeziaren gorakadaren aurrean Gobernuaren erantzukizuna eskatu dute. Mila pertsonek Susundeguiko langileei laguntza eskaini diete aurreko ostiralean Altsasun egindako manifestazioan. Langileen artean "zalantza" eta "egonezina" nabarmentzen da. Sodenaren kudeaketa kritikatu dute, izan ere, "nafarren diruarekin ordaintzen ari gara proiektu hau". Hortaz, Nafarroako Gobernuari dagokio enpresa aurrera ateratzea, langileen esanetan. Duela hiru urte enpresak eta Sodenak hartutako erabakia betetzea eskatzen du langile batzordeak: "sozio industriala bilatuko zutela esan zuten, baina ez dute lortu", zioen ELAko ordezkariak. Inbertsio txarrak egin ondoren, enpresak duen zorra "publikoa" bihurtzeko arriskuan dagoela azaldu du langileen batzordeak. "Langileok gure izerdi eta eskubideekin ordaintzen ari gara Sodenaren kudeaketa ez egokia", zioen LABeko ordezkariak. Susundeguiren lanpostuak mantentzeko eta Sakanan desindustrializazioarekin bukatzeko borrokan jarraituko dutela adierazi zuten langileek. "Nafarroako Gobernuak ezin du beste leku batera begiratu". Egonezinarekin amaitzeko konponbidea eskatu zuten; horretarako, langileek eta enpresak behar dituzten konpromiso eta akordioak bilatzeko eskatu zuten.