Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean Sunsundegui kudeatzen duen Sodena enpresa publikoko ordezkariak, Nafarroako Gobernukoak eta enpresa batzordea (UGTk 5, ELAk4, LAB 3 eta independente 1) bildu ziren. Sodenatik jakinarazi zen Sunsundeguiri ez diola babes ekonomiko gehiago emanen. Langileei eskatu dien zuhurtzia gabe, Sodenak publiko egin zuen hartzekodunen aurre-lehiaketa aurkeztu duela. Langileen iritziz, "arduragabekeria" izan zen iragarpena. Horrek hornitzaile eta bezero asko lantegira kezkatuta deitzea ekarri du. Langileak batzarrean bildu ondoren, haien ordezkariek adierazi duten Sodenaren erabakiak Sunsundeguiren etorkizuna "larriki baldintzatzen du". Horregatik, enpresa batzordeak dagozkion azalpenak eta lantegiaren etorkizuna bermatzeko konpromisoak eskatu ditu. Hori dela eta, langileen ordezkariek "trantsizio epe bat" eskatu dute, "industria egitasmoa sendotuko duen alternatiba guztiak aztertu ahal izateko". Hilaren 9tik astelehenera arte ekoizpen lerroak geldirik izan ditu zuzendaritzak. Haiek martxan jarri dira langileek hala eskatu ondoren. Gehiengoaren salaketaEnpresa batzordean gehiengoa duten ELAk eta LABk atzo egindako prentsaurrekoan "Sodenak Lurdes Goikoetxea lehendakari-ordearen laguntzaz egindako kudeaketa arduragabea" salatu zuten. Baita 3 urteko kudeaketan Sunsundeguiren zorra bikoiztu egin dela. Egun 36 milioikoa da. "Ezkutukeria eta itxieraren mamuarekin eginiko xantaiak gero eta okerragoa den lan-harreman eredu gero eta eskasagoa ezarri du". Egiturazko arazoak konpondu ez eta dirua ekoizpena hobetzeko ez dela inbertitu salatu dute ELAk eta LABek. Bi sindikatuek, bestalde, Nafarroako Gobernuari leporatu diote orain arte sinatu diren akordio guztiak ez dituela bete. "Sekula ez du aurkeztu enpresaren benetako arazoei aurre eginen dien benetako bideragarritasun planik". ELAk eta LABek Nafarroako Gobernuari Sunsundeguiko produktua errentagarri eginen duten inbertsioak eskatu dizkiote. Horren alde apustu egitea. "Lantegia ixtearen erabakia haiena da soilik". Berriro ere nabarmendu dute Sunsundeguik produktua eta merkatua duela. ELAko kideek langileen artean dagoen egonezina nabarmendu zuten. Eta gobernuak sinatutako akordioak betetzea. Sunsundeguirako bazkide bat bilatzen segitzeko eskatu du ELAk. Martxotik aurrera lan kargaren aurreikuspena hobea dela nabarmendu zuten ELAtik eta, berriro ere, diru kontu zehatzak ematea exijitu zuten.LABeko ordezkariek, bestalde, Nafarroako Gobernuari enpresa eta ibarraren etorkizunean inplikatzeko eskatu zioten. Sakana dagoen egoeratik ateratzeko plan integral parte-hartzailea eskatu zuten. LAB-etik zehaztu nahi izan zutenez: "jendeak pentsatzen duenaren kontra gobernuak ez du dirua sartu. Abalak eta maileguak izan dira. Enpresa urtero 1,7 milioi euro pagatzen ari da interesetan. Etekinak izanez gero irabazien %10-20 artean izanen litzateke". UGT-MCAko Lorenzo Riosek prentsari adierazi dionez, aldeek denbora beharko dute lantegia zabalik mantentzeko eman beharreko urratsak zehazteko. Lehen urrats gisa, enpresak, langileek eta administrazioak industria plan bat zehaztea izanen dela adierazi zuen. Proiektu berriak erakartzeko lan egitea eta, azkenik, "adostutako doikuntza gogorrak hartu beharko dira. Erabaki zail baino beharrezkoak izanen dira". UGTko kideak aurre-lehiaketa bertan behera utzi beharra nabarmendu zuen eta Sunsundeguiren zorra birnegoziatzea proposatu zuen. ManifestazioaSunsundeguiren etorkizuna eta Sakanako etorkizunaren defentsan, konpromisoak orain. Lelo hori izanen du enpresa batzordeak gaur, 18:30erako, deitu duen mobilizazioak. Altsasuko Foru plazatik aterako da. 236 Langile kopuru hori du Sunsundeguik. Baina enpresa hornitzaileak kontuan hartuta, 500 langile dira. SariaSunsundeguik egindako SC7 autobusak atzo Madrilen urteko autobus saria jaso zuen.