Zapore klasikoko kontzertua

Guaixe 2013ko urtarrilaren 18a

Iruñeko Vergel egoitzatik Altsasura etorriko da bihar Javier Carricasek zuzentzen duen rondalla. 30 urteurreneko kontzertu bira Altsasun despedituko du Armonia rondallak eta Trasteando taldearen laguntza izanen dute. Altsasuarrek 3 kantarekin zabalduko dute emanaldia. Ondoren, "Iruñeko identitate ikur" gisa definitu den taldeari pasa diote txanda. Publiko guztiendako gogoko izanen den emanaldia eskainiko dute. Eta, horretarako, laguntzaileekin etorriko dira: Sandra Dominguez (soprano) eta Andoni Sarobe (baritono) eta Rafael Gonzalez eta Laly Jausoro jota kantariak. Emanaldia elkarrekin despedituko dute bi taldeek. Armonia rondalla 4 biolin jolek, 6 bandurria jolek, 3 laud jolek eta 5 gitarra jolek osatzen dute. Haien errepertorioaren ardatza pasodobleak, habanerak, zarzuela zatiak eta jotak dira. Genero horretan Nafarroako talderik onena da Armonia rondalla. Taldea 60 urtetik aurrerako musikariek osatzen dute. Guztiek ere musika zaletasuna izan dute eta bizi guziko eskarmentua dute musikari gisa. Makina bat jubilatu elkarte eta kultur etxeetan eman ditu kontzertuak Armonia rondallak, baita Iruñeko Gaiarre antzokian eta Baluarten ere. Atzerrian ere jo izan du. Gainera, urtero rondalla topaketa antolatzen du Iruñean.