Arratoitxo pinpirina, klasikoa antzerki musikal bihurtuta

Guaixe 2013ko urtarrilaren 18a

Arratoitxo pinpirina ipuinaren moldaketa ekarriko du Glu Glu konpainiak etzi Altsasura. Antzerki musikal bilakatuta, kantak, dantzak eta komedia emanaldiaren ardatz bihurtuko dira. Protagonista, hori bai, Arratoitxo pinpirina izaten segitzen du. Hark izugarri maite ditu soineko dotoreak eta zapata berriak. Horregatik, urrezko txanpon bat aurkitzen duenean bere ametsa egi bihurtuko da: nahi bezain beste jantzi erosi. Baina diruak izaki maltzurrak erakarriko ditu, besteak beste, sagu fidela, katu maltzurra, oilar eroa eta Korrok txerritxo maitagarria.Galder Perezek sortu eta zuzentzen duen obran Leire Uchak, Ugaitz Alegriak eta Gabriel Ocinak jokatuko dituzte pertsonaien paperak.