Eguneroko objektuen soinua

Guaixe 2013ko urtarrilaren 25a

Ilbeltzaren 26an, larunbatean, 20:30ean Altsasuko Iortia kultur gunean, Toom Pak konpainiaToom Pak konpainiako 5 kideak bihar Iortiako eskenatokiaz jabetuko dira eta ezerezetik ikuskizun bat sortuko dute, ongi pasatzeko edota artea sortzeko ezer gutxi behar baita. Musikalaren abiapuntua da "ahal den guztia aprobetxatzea eta gure buru-azkartasuna erabiltzea". Gorka Gonzalezek, Miguel Parejak, Manuel Leal, Miguel Angel Velayosek eta Felipe Dueñasek perkusio tresnetan bihurtuko dituzte pertzak, erosketa poltsak, hodi puskak, makilak, botilak, gasolina bidoi hutsak, gurpilak, baloiak... Hiriko objektuak, hiriko soinuak. Guztia mugimendu asko, ke  eta umore ukitu izugarriekin lagunduta. Ikuslearen erritmoa, entzumena, ikusmena eta usaimena piztuko duen kontzertua. Energiaz beteriko erritmo kutsakorren bidez aire brasildarrak, arabiar-andalusiak, technoak edo klasikoak emanen dituzte. Azken finean, musika hizkuntza gisa erabilita, birziklatzeko kontzientziaren beharra zabalduko dute, ongi pasatzea aldarrikatuz.