Bakea, asteko hausnarketa gaia

Guaixe 2013ko otsailaren 4a

Gaur despeditu da Sagrado Corazón ikastetxean aurreko astelehenean hasi zen Bakearen Astea. Izan ere, Sagrado Corazón-en "hezkuntza proiektuaren helburuen artean, garrantzitsuenetako bat ikasleek bakea eta justizia baloratzea baita". Bakearen balioari buruzko hainbat jarduera egin dituzte azken astean ikastetxean: egunari hasiera emateko, ikasgeletan gogoeta momentuak burutu; pertsonaiak eta ipuinen bidez bakea landu da eta ikasleen sarrerak bakearekin lotura duen musikarekin lagunduta izan dira. Gainera, ikasgela guztietan ordubeteko tutoretza egin da bakea gauzatzeko moduak lantzeko eta eguneroko bizitzan baldintzak jartzeko. Hala, ikasle guztiek, mailaren arabera, hain garrantzitsua den balio horri buruz hausnartu dute eta haien lan guztiak iragarki-tauletan geratu dira.Gaur, despeditzeko, ikastetxeko kiroldegian akabera ekitaldia egin da. Bakea lortzeko nahia islatzen duten bi puxika aireratu dira, Bob Dylanen Blowin in the wind kantua abestu duten bitartean. Bukaeran, bi uso askatu dituzte, eguneko sinbolo gisa.