Udaltzaingoak zerbitzua egokitu behar izan du

Guaixe 2013ko otsailaren 7a

Altsasuko Udaltzaingoa gaur egun 3 udaltzainek eta 2 laguntzailek osatzen dute. Biren bajak eta baten oporrek udalari aldi baterako egokitzapenak egitera behartu dio. Gauzak horrela, udaltzainek astegunetan 7:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara lan egiten dute. Asteburuetan, berriz, 6:00etatik 14:00etara aritzen dira. Ordutegi horretatik kanpo altsasuarrek SOS Nafarroara hots egin behar dute, 112 telefonora. Juan Carlos Orellana zinegotziak jakinarazi digunez, Santa Agedan goiz eta arratsaldeko txandetan ariko dira. Praktikak egitera etorriko den beste langile batek egoera hobe bideratzeko aukera emanen diela ere adierazi digu zinegotziak. Azken bilkuraAltsasuko Udala porlandegirako Nafarroako Gobernuak emandako Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren kontra agertu da. PP ez beste alderdi guztiek aldeko boza eman zuen. UPNk ez zuen bozketan parte hartu. Aldi berean, martxoaren 16an Altsasun eginen den manifestazioarekin bat egin zuen udalak. Azken udal bilkuran, bestalde, alkatearen kalitateko botoarekin hautsi ziren bi bozketetan emandako berdinketak. Izan ere, Bilduk eta Aralarrek zentzu batean bozkatu zuten eta NaBaik, IUk, PPk eta UPNk bestean. Lehengoan, IUk altsasuarrek hurrengo uraren erreziboan hobaria izatea eskatu zuen, ur horniduran izandako matxurak ura erostea behartu zituelako. Bigarrenean, NaBaik eta IUk ordenantza fiskalei alegazioa aurkeztu zioten. Bi koalizioek eskatu zuten interes sozialerako bideratuta dauden eta herriko erakundeek antolatzen dituzten ekitaldiak, udal azpiegituren erabileragatik tasak ez ordaintzea.