Bosgarrenez Salazarrek altsasuarrei haien historiako irudiak eskainiko dizkie

Guaixe 2013ko otsailaren 15a

Astelehenean, 18:00etan, mustuko da argazki-liburu erakusketa eta Iortia kultur gunean martxoaren 3ra arte izanen da ikusgaiHerriarekin duen lotura. Kezka hori akuilu zuela hasi zen Begoña Salazar Romo Altsasurekin lotura zuten irudiak biltzen. 2009an XX. mendeko Altsasuko oroitzapenak eta irudiak jasotzen dituen argazki-liburuz osatutako erakusketa arrakastatsua ondu zuen. Ordutik urtero errepikatu da erakusketa. Hasieran Salazarrek berak opatutako materialekin eta jendeari eskatutakoarekin diseinatzen zituen argazki-liburuak. Lehen edizioetan ate joka ibili behar izan zuen bildumagileak, ezagutzen ez zuen jendearekin harremana eginez, esperientzia baliotsua bilakatu zitzaien batari eta besteei. Urteroko erakusketak segida izanen zuen zalantzaren aurrean, azken urteetan hainbat altsasuar izan dira berarengana jotzeko interesa izan dutenak. Esaterako, aurten erakutsiko diren liburu berrietako 100 argazki pertsona bakar batek utzitakoak izan dira. Astelehenean mustuko da erakusketa eta Salazarrek urte hauetan erakusketak antolatzen lagundu dituzten altsasuarrak gonbidatu ditu, eskerrak emateko. Guztiak elkarrekin liburu berriez disfrutatzeko aukera izanen dute. Bost urte hauetan 100 bat ale diseinatu ditu Salazarrek.