Zuzendaritzak eta UGTk bideragarritasun plana hitzartu dute

Guaixe 2013ko otsailaren 12a

Ostiralera arteko epea eman zien Nafarroako Gobernuak Sunsundeguiko aldeei bideragarritasun plan bat aurkezteko. Akordioa ostiralean ilundu berritan adostu zuten zuzendaritzak eta langileen 6 ordezkarik (UGTko 5 eta independentea), gainontzeko 7ak (ELAko 4 eta LABeko 3) ez zuten sinatu.  Astelehenean gobernuari aurkeztu zitzaion bideragarritasun planean jasotzen denez, 78 langile kaleratuko lirateke: errelebo kontratuan dauden lauri etengo litzaieke; 55 urte baino gehiagoko 11 aurrejubilazio (boluntarioak); urte batera 10 langileri kontratua eteteko enplegu erregulazio espedientea eta 53 kaleratze. Asteazkena bitartean boluntario aurkezten direnak lan egindako urte bakoitzeko 25 eguneko kalte ordaina emanen liekete, urte bateko mugarekin. Boluntario aurkeztu ez eta kaleratzen dutena 20 egunekoa luke kalte-ordaina. Gelditzen diren langileen lan baldintzak oraingoan mantenduko lirateke. Sunsundeguiren enpresa ereduari dagokionez, bideragarritasun plan horretan jabetza aldatzea aurreikusten da. Akzioen jabetzaren heren bana izanen dute langileek, zuzendaritzak eta inbertsiogile batek. Horretarako alde bakoitzak milioi erdi euro jarri beharko ditu, enpresa kapitalizatzeko balioko duena. Sodena 3 urtez mantenduko litzateke Sunsundeguin. IritziakBideragarritasun plana sinatu duen UGTren helburua "industria proiektuaren jarraipena bermatzea" izan da; "ixten den enpresa ez baita zabaltzen". Ixtearen kostua "dramatikoa" izanen zela ere gaineratu dute: "Sunsundegui ixtearekin batera beste 13 enpresak itxiko lukete eta lauzpabost ixteko arriskuan geldituko lirateke". UGT-tik azaldu dutenez, "asmoa da orain txikiagoak izanik, epe ertainera haztea". 90eko hamarkadan lantegia 114 langilerekin gelditu zela ere ekarri dute gogora. Gaineratu dute enpresak, hasiera batean, 84 langile kaleratu nahi zituela. Enpresa utziko duten langileen boltsa ere sortuko omen da, behar denean lanera buelta daitezen. UGTko ordezkariek Nafarroako Gobernuari eskatu diote inbertsiogilea ez dadila edozein izan, "marka bat baizik; teknologia eta lana ekarriko duen marka bat". Sunsundegui SA izaten jarraituko duen edo SAL bat ez dagoela oraindik erabakita esan digute UGTtik. Aldi berean, Nafarroako Gobernuari Sunsundeguik duen zorra barkatzeko eskatu diote, inbertsiogileren bat erakartzeko. "Enpresa inolako zorrik pagatu gabe itxiko balu 27 milioi euro ordaindu beharko lituzke. Itxiera ordenatu batekin 35. Baina enpresa zabalik gobernuak zergetatik eta dirua berreskuratuko luke". ELAk kaleratzerik ez zuen onartzen eta bestelako neurriak proposatu zituen negoziazio aldian: inzentibatutako bajak; 55 urte baino gehiago dituzten 22 langileren aurrejubilazioak; soldata eta lanaldiaren %10 jaitsi (10 lanposturen pareko murrizketa); urte baterako nahi beste irteera eta azpikontratek egiten dituzten lanak barneratzera (35 langile gutxienez) eta kontratuak eteteko enplegu erregulazio espedientea. Negoziazioan izan ziren ELAko kideek esan digutenez hasieran 3 sindikatuak kaleratzeak borondatezkoak izan behar zutela, "ideia horrekin joan ginen, baina UGT desmarkatu zen". Sindikatuko kideen iritziz gaudenak beharrezkoak gara, "joan den urteko lan karga bera izan behar dugulako. Eta urtetik urtera gehiago aurreikusten delako. Hobe trebatutako langileak izatea, ez trebatu behar dituzunak baino". Adostutako bideragarritasun planaren ondoren, Altsasuko enpresaren etorkizuna Nafarroako Gobernuaren eta Sodenaren esku dagoela uste dute ELAn. Enpresa ereduari dagokionez, sinatutakoaren arabera Sunsundeguik SAL eredurantz joko duela uste dute ELAn. "Ez gaude halako baten kontra, baina bai kaleratzen kontra". Kaleratzeko boluntarioa agertu edo ez, kalte-ordainen artean alde gutxi dagoenez jendeak interes gutxi azaldu zuela gaineratu digute. Aurreko kaleratzeetan kalte-ordaina handiagoa izan zela eta ELAkoek hura igotzea ere eskatu zuten bukaeran. Azkenik, zuzendaritzarekiko duda asko sortu zaizkio ELAri. "Sodenaren ordagoa iritsi arte ez dute bideragarritasun plana egin. Berregituratze plana eta bi akordio, bete ez direnak. Eta orain 3 egunetan bideragarritasun plana aurkezten dute, hainbeste galera pilatu ondoren". Gertakarien garapenaren zain, LABek aurrerago eginen du akordioaren balorazioa. Bi kontu nabarmendu nahi izan dituzte hala ere: akordioa ez duela enpresa batzordearen gehiengoak sinatu eta ez duela langileen asanbladak berretsi. AurreikuspenakAurten 158 autobus egitea aurreikusten du Sunsundeguik eta heldu den urtean 170. Merkatua ez da mugitzen eta beste autobus karrozatzaileen egoera ere ez omen da xamurragoa. Irizar bere ekoizpen ahalmenaren erdira ari da. Gironako Noge enpresak bere itxiera iragarri du. Zaragozako Hispano ere antzeko omen dabil.