Oroimenaren eta deskubrimenduen kabia

Guaixe 2013ko ots. 21a, 16:21

Aurpegierak, tokiak eta gertaerak oroituz, antzekotasunen bila... argazki liburuen orri-pasan daude Irene eta Visi. "Asko gustatzen zaigu eta orduak berehala pasatzen zaizkigu. Oso ongi gaude eta bota arte egoten gara". Handik gertu, argazkietatik burua jaso gabe, "ia ahaztutako pertsonekin topo eginez, oroitzapen handiak biziberrituz: gazte hildakoak, senideak, Ameriketara joandakoak..." elkarri azalpenak ematen ari dira Ramon eta Koro. "Album guztiak banan-banan ikusi ditugu. Argazkiak ikustea izugarri gustatzen zaigu, eta bizi direnak deskubritzen joatea. Eta bestela adinekoei galdetzea" Halaxe dabiltza Rocio eta Maite album baten parean. Guztiak ere urtero errepikatu dute eta egunero joatekoak dira.

Astelehen arratsaldean zabaldu zen Altsasu eta bere jendeak erakusketa. Begoña Salazar Romok jendeak emandako argazkiekin ondutako ehundik gora album. Mustutze egunean, hasieratik bertatik, 30 bat pertsona zeuden haietan ttuttuka. Gasteiztik etorritakoak ere baziren. Batzuekin eta besteekin hitz egiten aritu da Salazar eta aitortu digu dagoeneko beste erakusketa bat antolatzeko material berria baduela. Baina hori beste kontu bat da. Bitartean, Iortia kultur guneko erakusketa martxoaren 3ra arte bisitatu eta Altsasuko argazki zaharrekin gozatzeko aukera izanen da. Bisitariek, gainera, bisita liburuan haien iritzia uzteko modua ere izanen dute.