Kintoen eredua zabaltzea eskatu du Altsasuko Feministak taldeak

Guaixe 2013ko otsailaren 21a

Altsasuko Feministak pozik hartu du aurtengo kintoetako kide guztiek, emakumezkoek eta gizonezkoek, Santa Ageda egunean elkarrekin eskatzea eta opilak egitea. Gertakariaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute feministek: "askotan gaizki ulertua izan den baina fruituak eman dituen urte askotako borrokaren ondorio da". Feministen iritziz, "edozeinendako pozgarria da alaba, ahizpa, laguna eta abarrek ospakizunean, festan, dagokion espazioa eta protagonismoa izatea". Aurtengo kintoen esperientzia "bizitzako beste arlo batzuetara hedatzea" egoki joko lukete Altsasuko Feminista taldeko kideek, "guztien artean eskubideak eta bete beharrak partekatuz, bizimodu onera hurbilduz".