Mugagabeko greba Lazaro Echeverria enpresan

Guaixe 2013ko martxoaren 7a

25 langiletatik 6 kaleratu zituen ilbeltzaren 30ean, ELAko ordezkari sindikal bat barne, eta lan baldintzak aldatu nahi dituzteAtzo hasi zituzten mobilizazioak enpresako langileek (ELAko 3 ordezkari). ELAtik gogorarazi dutenez, Lazaro Echeverriak 2011ra arte "irabazi handiak izan ditu eta ekoizpen jaitsiera batez baliatuta lan erreforma bere gordinean" aplikatu zaiela salatu du". Gutxieneko kalte ordainarekin (20 egun lan urte bakoitzeko) gelditu dira kalean 6 langileak. Enpresan 35 urteko antzinatasuna zuten langileak dira kaleratuak. Haien kalte-ordainak handitzeko enpresak langileei proposatu die "lan baldintzak okertzea, hau da, guk ordaintzea lankideen kalte-ordina", salatu dute ELAtik. "Horren aurrean nahikoa da esan eta planto egin dugu". ELAtik lan erreforma "bere gordinean" aplikatu zaiela salatu dute. Kaleratuak berriro hartzea edo bestela kalte ordaina lan egindako urte bakoitzeko 45 egunekoa izatea eskatu dute. Kaleratutako ordezkari sindikalaren kasuan, hura berriro onartzea edo kaleratze bidegabea onartzea eskatu dute ELAkoek, "langileak erabakitzeko segitzen duen edo ez, baina beste inor kaleratu gabe". AldaketaLan baldintzen funtsezko aldaketa proposatu die enpresak langileei: soldata %10 murriztea, asteko lanaldia larunbatetara luzatzea eta "malgutasun neurri onartezinak". ELAk neurri horiek "berehala" baztertzea eskatu du. Sindikatuak lan hitzarmen bat negoziatzeko proposamena luzatu dio enpresari. "Baita langileen eta enpresaren lasaitasuna bermatuko duten formulak aztertzea ere". ELAk kritikatu du enpresak ez duela ultraaktibitatea aplikatu nahi eta lan hitzarmeneko soldata baldintzak aplikatu nahi dituela. Enpresaren jabetzaren %60 Etxeberria familiarena da eta gainontzekoa Portlandena.