Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Langileek larunbatean, 18:00etan, Iruñean 58 enpresa batzordek enpleguaren alde deitutako manifestazioan parte hartzera deitu duteAurreko ostiralean Sodenak atzera bota zuen Sunsundeguiko zuzendaritzak eta UGTk eta ordezkari independenteak adostutako bideragarritasun plana. Kanpoko bazkiderik ez badago planak ez duela bideragarritasunik esan zuten Sodenako buru Montesek eta Valdiviesok. Bestela plana ez dela txarra adierazi zuten. Enpresa publikoko ordezkariek azaldu zutenez, bazkide bat lortzeko azken negoziazioek ez dute aurrera egin. Sodenatik azaldu dutenez, "alternatibak badaude, duela hilabete bat baino gehiago, baina zaila da gauzatzea". Nafarroako Gobernutik adierazi zuten Sunsundeguiri ez diotela diru gehiago emanen. Eta alde guztiek "ahaleginak egin behar" dituztela azaldu zuten. MobilizazioakSunsundeguiko langileek asteartean Sodenaren egoitzaren atean kontzentrazioa egin zuten, buruak hornitzaileen ordezkaritza batekin bilduta zeuden bitartean. Gaur, langileek Parlamentuaren aurrean kontzentrazioa egin dute, 11:00etatik 13:00etara. Gainera, larunbatean Autobus geltokitik aterako den manifestazioan parte hartzera ere deitu du Sunsundeguiko enpresa batzordeak. Beste 57 enpresatako batzordeekin batera deitutako manifestazioa enpleguaren aldeko mobilizazioa izanen da larunbatekoa. UGTn sinistu egiten dute proiektuak segitu dezakeela, "baina horretarako denbora behar da". Zuzendaritzak eta langileek azaldutako konpromisoa nabarmendu dute, "arazoei baino konponbide posibleei erreparatu behar zaie". ELAko ordezkariak ostiralean Lourdes Goikoetxea kontseilariarekin bilduko dira. Zorra kenduta, normaltasun parametroetan eta gutxienekoarekin abiatuz enpresak bideragarritasuna duela eta errentagarria dela azalduko diote. "Ezin dute Sunsundegui itxi lan karga duenean eta negozio errentagarritasun aukera dagoenean". ELAtik bazkide posibleei Sodenak egin dien eskaintza zalantzan jarri dute. "Enpresa orain ixtea erabaki politiko hutsa da". Ostiralekoa eta gero LABek adierazi du Sunsundeguirako bazkiderik ez dela sekula existitu "eta Sodenak diru gehiago ez inbertitzeko erabakia 2012ko garagarrilaz geroztik hartua zuen". LABek garbi du dirua dela arazoa: "gobernuak ez badu inbertitzen dauden eskaerei ezin izanen diegu aurre egin eta enpresak bezeroak eta bolumena galduko ditu". LABetik adierazi dute, gobernuak iritzia aldatzen ez badu enpresak aurki itxi dezakeela.