Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur, 18:00etan, Altsasuko Udalak Santi Luceño Arias zinegotziaren uko egitearen berri jasoko du. Horrekin batera, hautetsi berriaren egiaztatze-gutuna eskatzeko prozedura abiaraziko du. Luceñoren uko egitearekin eta PSNko bi zinegotziren faltarekin (batek dimititu zuen, bestea gaixo dago) udalean 13tik 10 zinegotzi gelditzen dira: Bilduko 4, Geroa Baiko 2 eta IUko, UPNko, PPko eta Aralarko bana. NaBairen zerrendan hurrengoak Iñaki Migel eta Cristobal Lanz dira. Lehena Aralarko zinegotzia izana, bestea, EAJkoa. Bata edo bestea sartu, kasu batzuetan udal bozketen emaitzak batera edo bestera alda litezke. Luceño NaBaiko zerrendan aurkeztu zen hauteskundeetan. Atabo udal enpresako langilea da eta zinegotzi kargua hartzea bateragarria ez zela azaldu zen. Ordutik lanpostuari zegokion soldata kobratzen egon da, baina zinegotzi lanetan jardun du. Toki Administrazio Departamenduaren txosten batek berretsi du udal-enpresako lanpostua eta zinegotzi kargua ez direla bateragarriak. EzerosoLuceñok adierazi digunez, "legegintzaldi hasieratik ez naiz batere eroso sentitu nire bateragarritasun gaiagatik". Lan egin ondoren zuen denbora librea udalean lan egiteari eskaini asmoz aurkeztu zela aitortu digu. "Hauteskundeen ondoren sortu zen nire udal-lanpostuaren eta zinegotzi karguaren arteko bateragarri ezintasuna". Horrekin oso gaizki sentitu izan dela aitortu digu eta gehiago ezin zuelako uko egitea erabaki du. "Herriaren alde lan egin nahi nuen. Nire posibilitateen barruan, ahal dudan guztia egiten saiatzen ari naiz. Baina une honetan udalarendako karga bat naiz". Egoerarekin batere eroso sentitzen ez dela gaineratu du Luceñok. Jendeak hitz egiteko duen "errazkeria" salatu du. Legegintzaldi erdia pasata, egiteko gauza asko utzi dituela aitortu digu Luceñok. "Sartu nintzenean ez nuen ideiarik ere, baina gauzak egiteko gogoz sartu nintzen". Emakumearen batzordeko buru izandakoa Nafarroako Gobernuarekin oso kritiko azaldu da: "proiektuak ditugu, baina ekonomikoki ez digute batere laguntzen. Emakume arloan, esaterako, genituen diru-laguntza guztiak kendu dizkigute. Zer egin daiteke horrela? Aspaldi udalak bere bizkar hartutakoak, gainontzekoak aztertu beharko dira" .Udalean egindako lanaz galdetuta esan digu nahiko etsigarria dela. "Gauza bat da pentsatzen duzuna, bestea benetan dena". Burokraziaren moteltasunaz kexu azaldu da, dena oso motel egiten delako. "Hala ere, oso gustura egon naiz. Guztiekin ongi moldatu naiz. Erlazio ona izan dut".