Sunsundeguin kaleratze zerrendaren zain

Guaixe 2013ko martxoaren 14a

Lan erregulazioan dauden langileak pixkanaka lanera bueltatzen ari dira. Gutxienez 6 txasis lantegian daudeOstiralean akordioaren berri eman zuten Iruñean Nafarroako Gobernuak, Sunsundeguiko zuzendaritzak eta UGTk. Ondoren tentsio handiko egunak izan ziren astelehena eta asteartea Sunsundeguin. Langileak astelehenean akordioaren alde egin zuten: 232 langiletik 114 alde, 64 kontra eta 4 txuri izan ziren. UGTk bozketaren emaitza onartu zuen. ELAk eta LABek ez, ordea. ELAtik langileei egindako "xantai handia" salatu zen. "3 eguneko epean halako erabakirik hartu" eta planean jasotako hainbat punturekin kritiko azaldu ziren. LABekoek "plana enpresa batzordearen gehiengoaren bizkar" negoziatu zela salatu zuen. "Plana babesten duen gutxiengo sindikalak asanblada behartu eta egunean bertan erabakiarazi: hau edo ezer ez planteamendua egin zuen". UGTk argi adierazi zuen: plana sinatu, proiektuari jarraipena eman edo 400 lanpostu desagerrarazi. Presioa langile eta haien ordezkariek nabaritu zuten astearte goizean. ELAk bere afiliatuak bildu zituen. Sinatzeko eskatu zuten gehienek. ELAko kideek adostu zuten haietako batek sinatzea, plana aurrera egiteko. "Sinadura bakarra, kaleratzeak egiterakoan garbiketa ideologikoa egiten badute kaleratze bidegabeak salatu ahal izateko". Gainera, kaleratzeen antolakuntza eta arrazoi ekonomikoak argudiatzeko eskatu du ELAk.Hala bada, asteartean, 13:00etan ELAko kide batek bere sinadura gehitu zion akordioari, hala enpresa batzordearen gehiengoa lortuz. "Gobernuak enpresa ixteko aitzakiarik izan ez dezan". UGTk pozez hartu zuen plana aurrera atera izana: "Sunsundeguirendako oso berri ona da". UGTkoek aitortu dute orain "zailtasunak" etorriko direla, baina "planak enplegua eta enpresaren bideragarritasuna bermatuko du". Bideragarritasun planaMartxoaren 8an aurkeztu zuten plana Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilari Lourdes Goikoetxeak, Sunsundeguiko zuzendari-gerente Jose Ignacio Murillok eta MCA-UGTko zuzendari nagusi Lorenzo Riosek. ELAk eta LABk publiko egin arte ez zuten haren berririk izan. Lortutako akordioaren arabera, Sodena enpresa publikoak Sunsundegui utziko du. Jabetza zuzendaritzaren (%51) eta langileen esku (%49) geldituko da. Akordioa iragarri zuten unean bertan jakinarazi zuten kaleratzeak egon beharko zirela, bestela ez zuela aurrera eginen. 65 kaleratze izanen dira: 44 tailerretan, 21 zeharkakoa eta staffekoa. Planean jaso denez, Nafarroako Gobernua Sodenak bermatzen zuen zorraz arduratuko da, 15 milioi euro ingurukoa. Gainerako zorraren inguruan, enpresaren jabetza berriak bideragarritasun-planean hura negoziatzea jasotzen da, haren ardura hartu ahalko duena. Gainera, zuzendaritzak eta langileek milioi bat euroko ekarpenak egingo dituzte.Bestalde, planean jasoa dago gobernuak, gehienez, 4,5 milioi euroko laguntza ekonomikoa emanen diola Sunsundeguiri: 2,5 milioi apirilaren 20a baino lehen; milioi bat gehiago maiatzaren 20rako eta azken milioia garagarrilaren 20a baino lehen. Goikoetxea kontseilariak esan zuenez, "egindako ahalegina azpimarratu behar da eta zailtasunak pasatzen ari diren beste enpresa batzuendako eredu izan daitekeela uste dut. Batasunaren eta lankidetzaren eredu, inplikazioaren eta konpromisoaren eredu eta proiektu bideragarri baten aldeko apustuaren eredu". Lehendakariordeak gogora ekarri zuen gobernuak behin-behinean egoteko asmoa zuela hasieratik. Jose Ignacio Murillok azpimarratu zuenez, Sunsundeguik, alde batetik, merkatuak aitortu dion kalitate handiko produktua du eta hura erosteko bezeroak ditu, eta, bestetik, aurrera egiteko erronkaren aurrean dago. "Akordio-hasiera hau lehen urratsa da, baina ez irtenbidea" adierazi du, eta langile guztien inplikazioaren eta nazioartekotzearen alde agertu zen.Azkenik, UGTko Lorenzo Ríosek nabarmendu zuenez, akordio-hasiera "Sakanako larrialdi industrial eta sozialaren" testuinguruan hartu da, eta aipatu du enpresa-batzordeak lan-taldearen doikuntzari aurre egin behar diola "gaitz handiagoak ekiditeko" eta fabrikaren bideragarritasunaren aldeko baliabide moduan.LAB: beldurraren ondorioa da"Ez da alternatiba bat. Ez du proiektuaren etorkizuna bermatzen. Soilik, Sodena eta UPN ez direla enpresa itxiko dutenak"Sindikatu abertzaleko ordezkarien iritziz asteartean "UPNk eta UGTk Sunsundeguiko langileei gudua irabazi diete. Enpresa Batzordeari egindako presioak beharrezko borondateak menderatu ditu bien akordioak aurrera egiteko". Akordioan jasotako 65 kaleratzeen kontra azaldu da sindikatua. LABeko kideek ziurtatu dutenez akordioa ez da negoziatu. "UGTk inposizioaren alde egin du. Langile eta enpresa batzordearen gainetik pasa dira". LABk UPNri leporatu dio "lantegian eztabaida ez izateko erabaki politikoa" hartzea, "langileek egun batetik bestera akordioa berretsi edo lantegia itxiko zela, egoera horretan opatu ziren". Sodenak enpresa kudeatu duen urteetan "xantaia eta itxiera mehatxua" ohikoak izan direla esan du LABek. "UPN bere ariete UGTk langileen tentsioa eta beldurra bermatu ditu". Sodenaren irteerak langileak bermerik gabe etorkizunaren aurrean utzi dituela salatu du LABek. ProposamenaSunsundeguiko akordioak aurrera eginen zuela jakin baino bi ordu lehenago enpresan LABeko ordezkari diren Jon Bilbao, Jose Luis Ojer, Oskar Telletxea eta Javier Beraza, ibarreko arduradun Gaizka Uharterekin batera prentsaurrekoa eman zuten. Sunsundeguirendako "benetako alternatiba" baten proposamena egin zuten. Horretarako, lehenik, "benetako trantsizio aldi bat bermatuko lukeen" sindikatu guztien eta gobernuaren arteko negoziazioa abiatzea eskatu zuten. Negoziaziorako oinarri hauek proposatu zituen LABek: "helburu nagusia inbertitzaile bat bilatzea". Trantsizio aldia langileek bulkatu eta Sodenak ekonomikoki abalatu beharko lukeela adieraziko luke lau urtez. Langileen esku enpresaren kapitalaren %51 uztea eskatu zuen. Sodenak zorrari uko egitea eta 4 urtez enpresaren bideragarritasuna bermatzea proposatu zuten. Azkenik, kaleratze traumatikorik ez egitea proposatzen zuten LABeko kideek.