Salazarren eskultura Donostiako berreraikuntza gogorarazteko

Guaixe 2013ko martxoaren 27a

Martxoaren 16an mustu zuten Donostiako Alde Zaharrean, Valle Lersundi plazan (Kainoietan), Dora Salazarrek egindako eskultura. Salazarrek egindako eskulturak emakume bat adreiluak eramaten irudikatzen du, hiriaren berreraikitzearen sinbolo bezala. Izan ere, 1813an, emakumeak izan ziren ingelesek eta portugaldarrek Donostiaren hartze eta setioan indarkeria eta krudelkeri handiena jasan zutenak, garaiko lekukoek adierazten duten bezala. Ostera, emakumeak izan ziren beren ausardi eta erabakiarekin hiria defendatu, egitura soziala mantendu, eta gerora arrakasta izan zuten negozioetan ekin zutenak. Guztia oroitarazteko jarri zen Salazarren eskultura. Salazarrek burdinazko eskultura egin zuen. Altsasuarrak bere horretan jarri zuen eskultura kalean eta lehen euriekin burdina herdoiltzera jo du. Salazarrek prozesu hori jendaurrean gertatzea nahi izan du. Hala, hasierako metal koloreak galdu eta gaur egun marroia da eskultura, burdin herdoildua. Euriteak pasa hala kolorea uniformeagoa izanen da. Eskulturarekin batera, horman, plaka bat jarri da, Maialen Lujanbioren bertsoarekin, duela 200 urte beren ahalegin eta ausardiarekin hiria berreraikitzen lagundu zuten pertsonetan inspiratuta.Itsasoraino kaleak sutan              egur harrien goria...                Suak ez ditu erretzen mina,  maitasuna, memoria...                Andre ta gizon hauexek dira,    euren gain hartu zoria                ta amildutako harri haiekin              berreraikiz historia,                behetik gora jaso zutenak  goitik behera eroria.                Maialen Lujanbio