Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sodenako eta enpresako abokatuak aste honetan bilduta izan dira Sunsundeguiren enpresa eraketa berria negoziatzen. Hainbat gai lotzeko daude oraindik. Langileen batzarrak oniritzia eman zion akordioaren arabera enpresaren jabetzaren %51 zuzendaritzaren esku geldituko da eta gainontzekoa langileen esku. Enpresa batzordean UGTk 5 kide ditu, ELAk 4, LAB 3 eta independente bat dago. Akordio horretan ere 61 langile kaleratzea onartu ziren. Haietatik 18k aurre-jubilatuta edo boluntarioki utziko dute enpresa. Gainontzeko 43ak kontratua eteteko Enplegu Erregulazio Espediente (EEE) baten bidez kaleratuak izanen dira. Nafarroako Gobernuak kalte-ordainak pagatzeko dirua eman bezain laster gauzatuko da EEE, eta ez dirudi Aste Santu aurretik izanen denik. KezkaELAko eta LABeko ordezkariek kaleratuen pertsonen zerrendari erreparatu diote eta "garbiketa ideologikoa" izan daitekeenaren kezka azaldu dute. ELAtik azaldu digutenez, "jendea kaleratu eginen dute eta lan karga egonen dela dirudi eta langileak hartu egin beharko dituzte. Guk proposatu genuen lanen barneratzea zentzuzkoa zen". Konfirmazio ofizialaren faltan, kaleratuen zerrendako %90a UGTri lotutako langileak ez liratekeela izanen ohartarazi dute LABetik. Sindikatu abertzaleak gogora ekarri du 2011ko lastailean 37 kaleratu izan zirela eta orduan ere "garbiketa ideologikoa" salatu zuela. "Ondoren lan baldintza okerragoak zituzten langileak kontratatu zituen enpresak. 2012an, bataz beste, hilero mila ordu estra" egin direla ere salatu du LABek. "Garbiketa ideologikoa" gauzatuz gero auzitegian salaketak eta mobilizazioak iragarri ditu sindikatuak.