Altsasu: Hiru Mendizerrak elur artean

Guaixe 2013ko apirilaren 8a

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatzen duen mendi ibilbidea goitik behera baldintzatu zuen eguraldiak larunbatean. Urbasa, Altzania eta Aralar mendizerrak txurituta agertu ziren goizean goiz. Elurra, hotza, lainoa eta haizea, hori zen panorama. 550 mendizalek emana zuten izena mendi ibilbidea osatzeko, baina eguraldi petrala ikusita 230 mendizale ausartu ziren hotzari aurre egitera. Asko, zegoen eguraldirako. Antolakuntzak, bitartean, ibilbidea berrikusi eta arriskutsuak izan zitezkeen puntuak itxi zituen, ibilbide alternatibo bat prestatuz. Horrela, Bargagaingo mendi tontorra (1.160m, ibilbideko altuena) ibilbidetik kendu egin zuten, elurra, lainoa eta haizea zirela medio. Ziordiko jaitsiera, ere, Olaztiko portutik egin zen. Ziordian indarrak berreskuratu eta gero ibilbidea bere horretan mantendu zen. Ibilbide luzea hautatu zuten mendizaleak, gehienak, Kipularrera igo ziren eta Altzaniako mendiak gurutzatuz Sorozarretatik jaitsi ziren. Baina hortik aurrera aldaketak egin zituen antolakuntzak. Sarabe, Balankaleku eta Itxusburu kendu zituzten, "elur asko" zegoelako. Mendizaleak Sorozarretatik Altsasura joan behar ziren zuzenean. "Pena, eguraldia", adierazi zuten antolakuntzatik. Horretaz gain ez zen bestelako arazorik izan. Dena dela, mendizaleek eguraldiari alde ona atera zioten: "Paisaia oso polita dago. Gogorra izan da, baina oso polita. Hurrengo urtean eguraldi onarekin itzuliko gara", zioten Gure Etxera iristen zirenean. Ibilbidea moztu izana eskertu zuten mendizaleek. Azkeneko taldea 17:00etan iritsi zen, ibilbidea lasai egin zutelako. Izan ere, garrantzitsuena ibilbidea amaitzea zen, proba ez lehiakorra baita. Ibilbidea osatu zuten parte-hartzaile guztiek ziurtagiria jaso zuten. Altsasuko Mendigoizaleak gidatuta, 50 bat pertsona aritu ziren antolakuntza lanetan.