Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Baratza izaten interesa duten 16 pertsona bildu ziren atzo Sakanako Langabetuen Asanbladak (SLA)deitutako batzarrean. Langabetuen egoera larria ikusita lur sail baterako sarbidea izan eta hala jatekoa bermatzeko ekimena da SLAk martxan jarri duena. Hau da, pobreziaren kontrako tresna bat sortu nahi dute. Asanbladako kide Raul Rellanek azaldu digunez, helburu ugari lortu nahi dituzte herri baratzekin: "nekazaritza teknika ezberdinak probatzea, hondakin organikoen konpostatzea bulkatzea, proiektuari lotutako jarduerak sustatzea, lurrarekiko harremanaren bitartez kultura eta jatorri ezberdinetako herritarren arteko harremanak lantzea eta gazteekin lurrari loturiko transmisioa lantzea". Izena emanUdalak utzitako herri lur batean prestatuko dituzte herri baratzak, langabetuendako, etorkinendako, baratza izan nahi duenarendako, premia dutenendako izanen dena. Interesatuek SLArekin harremanetan jarri behar dute. Atzoko batzarrean lurra nola banatu aztertzen hasi ziren. Behin herri baratzak martxan jartzen direnean hura kudeatzen dutenak arduratuko dira asanbladan haren kudeaketaz, SLA beste ekimenekin segitzeko asmoa duelako. Hasi aurretik, zenbait erabaki hartu dituzte langabetuek. Rellanek azaldu digunez, lurra era ekologikoan landuko da. "Herritarren topagune izan eta elkarlanean oinarrituko den gune irekia proposatzen dugu, kultur transmisioan eta generazioen arteko irakaspenean oinarrituta". Langabetuei begira, haien "antolakuntza, autoenplegua eta autogestioa" sustatu nahi dute ere. Udalak, bestalde, ura utziko die. IkastaroaSLAk baratza egoki lantzen ikasteko ikastaroa emanen du. Lanbide Heziketan nekazaritza eta abeltzaintza ikasketak eginak dituen Aritz Urdangarin izanen da irakaslea. Ikastaroa apirilaren 25ean hasiko da, ostegunez, 16:00etatik 19:00etara, eta beste hiru ostegunetan luzatuko da. Aurreneko saioa, teorikoa, Intxostiapunta gazte gunean izanen da, gainontzekoak herri baratzetan. Ikastaroan izena eman nahi duenak Intxostiapunta gazte gunera jo behar du: 948 564 785 telefonora hots eginez edo gazteria@altsasu.net e-postara idatziz. BilerakSakanako Langabetuen Asanblada astelehenero 15:30ean biltzen da Altsasuko Gure Etxea eraikinean.