Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jose Carlos Jimenez "Kali" tiratzaile aparta dugu. Altsasuarrak urte asko daramatza tiro olinpikoan, foso modalitatean. Modalitate horretan hainbat kategoria daude, baina bereziki foso unibertsalean jarri du arreta. Foso unibertsaleko 3. mailan dabil altsasuarra eta denboraldia bikain hasi du. Kalik hori borobiltzea espero du: apirilaren bukaeran jokatuko den foso unibertsaleko Espainiako Txapelketarako klasifikatzea, Nafarroatik. Horretarako, igandean Baldorban jokatuko den Udaberriko Trofeoan bere mailarik onena eman beharko du. Nafarroan foso unibertsaleko 14 tiraldi antolatu dira, eta Nafarroako Tiro Olinpikoko Federazioak tiraldi horietan egindako 9 sailkapen onenak hartuko ditu kontuan Espainiako Txapelketara bidaliko duen ordezkaria aukeratzeko. Igandeko Baldorbako azken tiraldiaren faltan, momentuz Kali da onena, 115 platerekin. Bigarrenak, 113 plater ditu eta hirugarrenak 110. "Badirudi ez dagoela apenas distantziarik, baina tiroan plater bat mundu bat da. Baldorban nire maila ematen badut lehendabizikoa bukatzea lortuko dut eta bekadun moduan Espainiako Txapelketara joatea" adierazi digu Kalik. Altsasuarra sasoi betean dago, emaitzak alde, puntako mailan eta bolada onean. "Orain arteko tiraldietan ongi aritu naiz. Duela gutxi Ventafrian 25 platereko bi tiraldi egin nituen. Bolada onean nago, puntan, eta Espainiakoan aritzeko esperantzarekin" gaineratu du. KrisiazKrisia asko nabaritzen ari dela aipatu digu. "Bekak kendu dituzte. Lehen federazioak kategoria bakoitzeko bi tiratzaile onenak bidaltzen zituen Espainiako txapelketetara eta aurten kategoria bakoitzeko bakarra. Babesleak lortzea ere geroz eta konplikatuagoa da. Kirol garestia da: eskopeta, kartutxoak, tiro zelaiak... Zorionez, hainbat laguntzaile ditut, kartutxo kaxa batzuk lortzea ahalbideratzen didatenak. Bata eta bestearen artean ematen didatenarekin eta norbaitek esku bat botako balu..." azaldu digu tiratzaileak.Espainiako TxapelketaApirilaren 27an eta 28an jokatuko da, Granadan. Goizean hasi eta ia gauez bukatzen dira tiraldiak. Larunbatean, 100 plater hautsi behar dira eta, igandean, beste 100. Oso luze eta gogorra egiten da, eta kontzentrazioa eta burua hotz mantentzea ezinbestekoa da. "Lehiaketa maila izugarria da, autonomiaka sailkatu direnak eta puntako tiratzaileak aritzen baitira. Egun guztia ematen duzu tiro zelaian eta oso inportantea da burua hotz mantentzea, tiraldietan adi egotea, baina gero deskonektatzen jakitea eta ez nekatzea. Duela bi urte Espainiakoan egon nintzen. Lehendabiziko aldian ongi hasi nintzen, baina gero luze egin zitzaidan, urduritasuna eta presioa sumatu nuen eta behera egin nuen. Orain esperientzia gehiago dut eta faktore horiek gehiago kontrolatzen ditut" adierazi digu. Horretaz gain, klimatologiak - euria, eguzkiaren posizioa eta haizeak, bereziki - eragin handia du tiroan.Olaberriako tiro zelaian entrenatzen du, baina igandeko Baldorbako txapelketa prestatzeko Tafallako zelaira eta Baldorbara joko du aste honetan. Ea helburua lortzen duen: Espainiakoan aritzea.